Politika

PSE-EE:"Normalizazioa, denok gure egin dezakegun esparru juridiko-politiko baten inguruan ados jartzea da"

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Bilbon aurkeztu du gaur alderdi sozialistako exekutibak atzo onartutako agiria. Alderdiko presidente Jesus Egigurenek egin du dokumentua eta PSE-EEren batzorde eragileak aho batez onartu zuen atzo. Alderdien mahaia osatzea aurreikusten du agiriak, besteak beste. Mahai horren helburuetako bat "denok gure egin dezakegun esparru juridiko-politiko baten inguruan ados jartzea" izango litzateke.

2006ko otsailaren 14a
19:14
Entzun
Jesus Egigurenen PSE-EEko presidenteak osatu du 25 orrialdeko agiria eta gaur aurkeztu du Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Bilbon. Agiriak ETAren indarkeria amaitu ostekonormalizazio prozesurako osatu daitekeen alderdien mahaiean PSE-EEren jarrera zein izango litzatekeen zehazten du. Aho batez onartutako agiriak, bi mahai eratze aurreikusten du. Lehena, ETAren eta Espainiako Gobernuaren artekoa "indarkeria bertan behera uztea eta armak ematea" aztertzeko. Bigarren mahaia, alderdien arteko mahaia izango litzateke. Txostenak, bigarren mahai horren helburuak, protagonistak, funtzionamendua eta abar ditu hizpide.

Batetik, PSE-EEren ustez prozesuari ekin ahal izateko "ezinbesteko baldintza" da indarkeria desagertzea. Hori dela eta, alderdien mahaia "ETAk indarkeria terrorista uzten duela iragartzen duen momentutik" aurrera osatu ahal izango da.

Alderdien mahai horretan parte hartzeko bi baldintza jarri ditu Lopezek: demokraziaren arauak errespetatzea eta indarkeria helburu politikoak lortzeko bide gisa errefusatzea. Baldintza horiek bete ostean, PSE-EEren ustez alderdien mahaiean esku hartuko dute "prozesu horretan parte hartzeko prest dauden eta herritarren ordezkari diren Euskadiko indar politiko guztiek".

Alderdian mahaia nola osatu beharko litzatekeen ere zehazten du agiriak. PSE-EEren ustez, indar politiko guztiek ados jarri beharko lukete mahaiaren funtzionamenduaren bermeen inguruan. Gainera, agiariak azaltzen du alderdien mahai hori ez dela kanpoko baldintzen menpe egongo; ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko balizko elkarrizketaren bilakaeraren menpe ere ez.

Alderdien mahaiaren helburuak

PSE-EEren ustez, alderdien mahaiaren helburuak "indar politikoek eurek adostasunez ezartzen dituztenak" izango dira, "aldez aurrtiko baldintza eta inposiziorik gabe". Lopezek agertu duenez, PSE-EEk ez du aurre baldintzarik onartuko. Hala ere, argi du mahai horretara nork bere planteamendu politikoak eramango dituela. Horrela, Patxi Lopezek agertu duenez, PSE-EEk Konstituzioa eta Estatutua eramango dituztela mahai horretara "horiek eskaintzen dituzten aukera guztiekin". Lopezen arabera "normalizazioa ez da doktrina kontuetan ados jartzea, baizik eta, desberdintasun horiek mantenduz, denok gure egin dezakegun esparru juridiko-politiko baten inguruan ados jartzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.