PSE-EErekin Jaurlaritzari laguntzea hitzartu izana ukatu du Martin Garitanok

Sozialistekin «itun bat» egitea egotzi dio Bilduri EAJk, eta adierazi du Gipuzkoako kontuak sartu direla bertan

joxerra senar
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Finantzen Kontseiluaren bilera osteko polemika ez da bukatu, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara heldu da. Astearteko bileraren ostean Bizkaiko Aldundiak izandako jarrera politikoa errepikatu du Itziar Agirre EAJko Batzar Nagusietako bozeramaileak, eta Eusko Jaurlaritzaren kontuak «itxuraldatu nahi izatea» egotzi dio Gipuzkoako Aldundiari. Azaldu duenez, Bildu eta PSE-EE negoziatzen ari dira, eta Gipuzkoako kontuen onarpena izan liteke truke politikoa. Martin Garitano ahaldun nagusiak irmo ukatu du salaketa. «Ez diogu inori lagundu. Ez dugu inongo interesik inoren kontuak ezkutatzen. Nahikoa lan dugu gure kontuak zintzo egiten».

Astearteko Euskal Finantza Kontseiluan, hiru aldundiek eta Jaurlaritzak aurtengo zergen likidazioa eta datorren urteko diru sarreren aurreikuspena hitzartu zuten. Bileran, opor fiskal-en inguruko erabakiak liskar handia eragin zuen. Iazko ekainean, Luxenburgoko EBko Auzitegiak ebatzi zuen opor fiskalak legezkanpoko laguntzak zirela eta enpresek itzuli egin behar zituztela. Iazko urrian, finantza kontseiluak onartu zuen itzulitako hamar eurotik zazpi Jaurlaritzarentzat izango zirela. Hala, orain arte, aldundiek 309 milioi euro berreskuratu dituzte. Aste honetako kontseiluan, Gipuzkoak eta Jaurlaritzak onartu zuten dirua aurten erabiltzea —Jaurlaritzarentzat 209 milioi izango dira—. Arabak eta Bizkaiak, berriz, diote helegite bat dagoela ebazteko, eta epaia erabat irmoa izan arte ez dela dirua erabili behar. Gipuzkoaren jarrera gogor kritikatu dute .

Nahiz eta finantza kontseiluan Araba (PP) eta Bizkaia (EAJ) erebat etorri, Gipuzkoaren (Bildu) eta Jaurlaritzaren (PSE-EE) arteko adostasunak erakarri du komunikabideen arreta. Batzar nagusietako Ogasun batzordean, Garitanok berretsi du iazko Euskal Finantzen Kontseiluan hitzartua bete besterik ez dutela egin. «Ez dugu inoren kontra jokatu», esan du. Haren ustez, PPk eta EAJk azaldu egin beharko lukete zergatik «bat-batean» aldatu egin duten jarrera eta iaz hitzartutakoaren kontra bozkatu duten.

Batzordearen ostean, gogor mintzatu da Helena Franco. «Pertsona batzuek ez dute ulertzen ez dugula ezer irabazteko bozketarekin. Uste dute politikan dena trukagarria dela», esan du, eta gaineratu: «Sentitzen dut jendeak sinesten ez badu, baina hala da».

Itziar Agirre eledun jeltzalea, berriz, bat dator Bizkaiko eta Arabako aldundiekin. «Luxenburgoko auzitegiak ez du oraindik ezarri dirua itzultzeko irizpide zehatzik. Zuhurtziaz jokatu behar dugu gaia argitu arte, eta ezin dugu diru hori erabili Lopezen gobernuaren kudeaketa txarra ezkutatzeko», berretsi du. Agirreren arabera, astearteko kontseiluko atsedenaldi batean Garitanok eta Helena Franco Ogasun diputatuak Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaori eskaini zioten bere tesiarekin bat egitea, baldin eta Gipuzkoako kontuak onartzen bazituen EAJk. Haren esanetan, gauza bera eskaini zioten Jaurlaritzari. «Jarrera lotsagarria» izatea egotzi dio Garitanori.

EAJ, «fede txarrez»

Rafaela Romero batzar nagusietako PSE-EEko eledunak «fede txarrez» jokatzea leporatu dio EAJri. Aurreko finantza kontseiluetako akordioak ez betetzea egotzi dio, eta Eusko Jaurlaritzaren aurka «mugimendu politiko bidegabea» egitea aurpegiratu. Rafaela Romerok ukatu egin du PSE-EEk ituna egin duela Bildurekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.