Zarautzen abiatuko du EAJk urte politikoa, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak parte hartuko duten ekitaldi batekin. 19:30ean dute hitzordua, Zarauzko Antoniano kiroldegian. PSE-EErekin zergen inguruko akordio bat aurki lortuko duelakoan ekingo dio urte politikoari EAJk.
Astelehenean bilduko da EBB, akordioa ixteko falta direnak aztertzeko. Eusko Legebiltzarrak eta batzar nagusiek zerga sisteman izan behar duten garrantzian datza desadostasun nagusia. Horrez gain, legebiltzarrean irailaren 26an egitekoak diren politika orokorreko osoko bilkura aurreratu nahi du EAJk, PSE-EErekin akordio bat eginez gero.
Bake lantaldea izango da urte politikoko beste gai nagusietako bat. Irailaren 16an izango dute eztabaidagai legebiltzarrean, eta ikusteko dago ea PSE-EEk foro hori utziko duen; alderdi horrek esan zuen ez zuela bertan parte hartuko EH Bilduk ez bazuen onartzen PSE-EEk eta EAJk adostutako "zoru etikoa".
EAk, berriz, atzo egin zuen Miramar jauregian urte politikoari hasiera emateko ekitaldia. Erabakitzeko eskubiderako urte erabakigarria eta zaila izango dela iragarri zuen Pello Urizar EAko idazkari nagusiak.
Sortuk bihar egingo du urte politikoa hasteko ekitaldia, Berriozarren. Ekitaldian Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko koordinatzaileak hartuko du hitza.