Politika

PSE-EEren babesarekin onartu dituzte Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuak

PPk, EHAK-k eta Aralarrek kontra bozkatu dute. 10.487,5 milioi eurokoa da datorren urterako onartutako aurrekontua, aurtengoa baino %5,5 handiagoa.

2008ko abenduaren 29a
16:19
Entzun
Ezustekorik gabe, PSE-EEren babesari esker atera dira aurrera Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA, EB) EAErako datorren urterako proposatutako aurrekontuak. Aldiz, PPk, EHAK-k eta Aralarrek kontra bozkatu dute. Egunotan Aralarren babesa jasotzeko ahalegina egingo zutela agertu dute hirukotik baina, azkenean, ez da halakorik gertatu.

PPk eta EHAK-k aurkeztutako osoko zuzenketak hilaren 11n bota zituzten atzera, eta, beraz, partzialak eztabaidatu dituzte gaur.

Guztira 10.487,5 milioiko aurrekontua onartu dute datorren urterako, aurtengoa baino %5,5 handiagoa. 300 milioi euroko zorpetzea onartu dute. Legealdi honetako azkeneko aurrekontua izango da, hurrengo urteko martxoan izan direlako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.

Laugarren urtea da jarraian aurrekontua PSE-EEren babesari esker onartzen dena. 46,2 milioi euroko balioa duten "inbertsio sozialak eta ekonomikoak" sartzea lortu dute sozialistek, eta gustura agertu dira. "2009ko hauek dira egin zitezkeen aurrekonturik aurrerakoienak", esan du Joana Madrigal PSE-EEko legebiltzarkideak gaur, Gasteizen.

Krisiaren baldintza

Aurrekontuak egitean krisi ekonomikoak zerikusia izan dutela aitortu du EAJk. Besteak beste, enpresa txiki eta ertainen finantzaketa sustatzeko programa bat onartu dute, 500 milioi euroko baliokoa. Finantzen Euskal Institutua sortuko dute.

Arlo sozialean 216 milioi euro bideratuko dituzte oinarrizko errentara, 34,5 larrialdi sozialeko laguntzetara, 153 familia laguntzera...

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuari 2009an ere emango diote laguntza (517 milioi euro; gero kupotik errekuperatzea espero dute), "legebiltzar honen %80ak onartzen baitu egitasmo hori", Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko parlamentarioak esan duenez.

Nekane Altzelairen (EA) ustez, krisiari aurre egiteko arlo sozialean "oso neurri garrantzisuak" daude. Antton Karrerak (EB) bat egin du harekin, "gizarte politiken aldeko apustua baitago datorren urteko aurrekontuetan".

Kritikak

Anton Danborenea PPko parlamentariaren ustez, aurrekontuok ez dakarte ezer berririk, "aurreko beraiek direlako". EAJk eta PSE-EEk legealdi osoan "ituna" izan dutela kritikatu du PPko kideak.

Itziar Basterrikak (EHAK) ere 2009ko kontuen aurka hitz egin du. "Gaurko esparru autonomikoa gainditzeko ez dute laguntzen, eta gatazka luzatzeko balio dute". Abiadura Handiko Trenari emango dioten laguntza ere kritikatu du, eta egitasmo hori "inposatua" izan dela salatu du.

Aintzane Ezenarrok (Aralar) EAJk aurrekontuak onartzeko PSE-EEren babesa bilatu eta lortu izana deitoratu du, eta sozialistek "doako babesa" eman diotela.

AHTren kontrakoen elkarretaratzea kanpoan

Legebiltzarrean aurrekontuei buruzko saioa egiten ari ziren bitartean, eraikinaren kanpoan AHT Gelditu! Elkarlanak deituta elkarretaratzea egin dute, "AHTrako bideratu nahi duten dirutzak suposatzen duen xahuketa salatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.