PSE eta PPk atzera bota dituzte aurrekontuen osoko zuzenketa guztiak

Aralar, EA, EB eta UPDk argudiatu dute Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek ez dutela balio krisialditik ateratzekoPSEk «errealitatetik kanpo bizitzea» egotzi die zuzenketak aurkeztu dituzten taldeei

Aralarreko legebiltzarkideak, atzo, aurrekontuen zuzenketei buruzko eztabaidan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren 2012ko aurrekontuek lehenengo galbahea igaro dute Eusko Legebiltzarrean, Aralarrek, EAk, Ezker Batuak eta UPDk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botata. PSE-EEk eta PPk legebiltzarrean duten gehiengoa baliatu dute (38 boto) osoko zuzenketa guztien aurka bozkatzeko, eta, horrenbestez, aurrekontuen tramitazioak aurrera jarraitzen du. Datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko dira zuzenketa partzialak, eta hilaren 23an, berriz, EAEko aurrekontuak onartuko dira.

Ñabardurak ñabardura, osoko zuzenketak aurkeztu dituzten taldeek argudio berbera erabili dute aurrekontuen aurka egiteko: Jaurlaritzari leporatu diote defizita betetzeko neurriak lehenetsi dituela beste ezeren gainetik, gizarte arloan murrizketa politikak ezarri dituela, eta ez duela krisialditik ateratzeko neurri eraginkorrik proposatu. EAJk ere aurrekontuak kritikatu ditu, baina ez du osoko zuzenketarik aurkeztu, horrek «Euskadiren ekonomia gelditzea» ekarriko lukeelako. Osoko zuzenketen bozketan, abstenitzea erabaki dute jeltzaleek.

Goiz osoa iraun du zuzenketen eztabaidak, eta oso gogor aritu dira Aralar, EA, EB eta UPD Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoaren aurka. Aurrekontu «murriztaileak» direla salatu du Mikel Basabe Aralarreko legebiltzar- kideak, eta defizit publikoaren inguruan «Espainian zehaztutako ibilbidea betetzea» dela helburu bakarra. Haren ustez, krisialdi garaian ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta gizarte gastua indartzeko neurriak bultzatu beharko lituzke Jaurlaritzak, baina PPren «politika liberalen menpe» dago Lopezen gobernua, eta murrizketen bidea aukeratu du. Basabek, gainera, oposizioko taldeekin negoziatu nahi ez izatea egotzi dio PSEri.

Ildo beretik, EAko Juanjo Agirrezabalak uste du Jaurlaritzaren aurrekontuek ez dutela balio euskal gizartearen beharrei erantzuteko, euskal gizarteak berak «bizkarra» eman diolako PSE eta PPren arteko aliantzari. Halaber, kritikatu du krisiari aurre egiteko Jaurlaritzaren «errezeta» bakarra gastua murriztea dela, eta ez duela neurririk proposatzen enplegua sortzeko eta lehiakortasun ekonomikoa bermatzeko. Adibide gisa, Agirrezabalak gogorarazi du %26,5eko jaitsiera izan duela berrikuntza programak aurrekontuetan.

Mikel Arana EBko eledunak merkatuetara «makurtzea» egotzi dio Jaurlaritzari, bere «obsesio bakarra» defizita kontrolatzeaizan delako. Haren ustetan, aurrekontuetan jasotako «murrizketa politikek» ez dute balio ekonomia pizteko eta enplegua sortzeko. Horregatik, aurrekontuak itzultzeko eskatu dio Jaurlaritzari, «ez direlako sinesgarriak eta erakargarriak, eta ez direlako gai bertan planteatzen diren erronkei aurre egiteko».

UPDko Gorka Maneirorentzat, berriz, aurrekontuen bidez ez da bermatzen EAEk «behar duen aldaketa politiko sakona», arlo sozialean «murrizketa sorta» baino ez duelako proposatzen. Besteak beste, gizarte laguntzak eskuratzeko baldintzak «gogortu» izana salatu du Maneirok, eta diru sarrerak bermatzeko errentan eta etxebizitzarako laguntza osagarrian murrizketak egin izana.

PSEk, ostera, ez du bat egin oposizioko taldeek aurrekontuei egindako kritikekin, eta «errealitatetik kanpo» egotea eta Europako arazoetatik «urrun» bizitzea leporatu die Aralar, EA, EB eta UPDri. Defizita kontrolatzea ez da Jaurlaritzaren «obsesioa», legeak dioena betetzea baizik; hala erantzun die Joana Madrigalek zuzenketak aurkeztu dituzten taldeoi. Aurrekontuak, beraz, «serioak, zorrotzak eta errealistak» direla azpimarratu du, eskubide sozialak bermatzen dituztela eta inbertsio publikoari eusten diotela.

EAJk «oposizio onuragarria» egin nahi duelako erabaki du osoko zuzenketarik ez aurkeztea, baina aurrekontuek «hobekuntza franko» behar dutela esan du Javier Carrok. PPk, berriz, aurrekontuak babestu ditu.

Legebiltzarreko aurrekontua

Eusko Legebiltzarrak, berriz, datorren urterako aurrekontua onartu du. EAJ, PSE, PP, EA, EB eta UPDren aldeko botoarekin eta Aralarren abstentzioarekin onartu du aurrekontua. Guztira 33, 6 milioi euroko aurrekontua izango du ganberak 2012an, aurten baino %2,95 gutxiago. Presidentetzan egindako murrizketa %51 izan da, eta legebiltzarkide, langile eta taldeen soldatak bere hartan utziko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.