PSEk "aho batez" onartu du EAJrekin lortutako akordioari eustea

Sozialisten batzorde eragileak bilera egin du, eta joan den astean EAJrekin lortutako akordioari eustea berretsi dute bertan, nahiz eta "larria" iruditu Andoainen gertatutakoa. EAJren zuzendaritzak ere bilera du gaur. Aurretik, Ortuzarrek esan du espero duela aste honetan bertan bi alderdien arteko harremanak "bideratzea".

PSE-EEko zuzendaritzak gaur Bilbon egin duen bilerako une bat.
2015eko ekainaren 15a
07:42
Entzun

PSE-EEren batzordea exekutiboak "ahobatez" onartu du EAJrekin joan den astean lortutako akordioa "berrestea". Bilera egin berri dute sozialistek, eta oharra kaleratu dute han erabakitakoen berri emateko. Ohar horretan diote, "larria" iruditu zaiela Andoainen gertatutakoa, baina akordioari eusten diotela. Argitzen ez dutena da ze jarrera hartuko duten Gasteizko Udalean. Hori, bihar argituko du Idoia Mendia idazkari nagusiak, ordurako deitu baitute sozialistek agerraldia, batzorde exekutiboak hartutako erabaki guztien berri emateko.

EAJren zuzendaritzak ere bilera du gaur. BERRIAri jakinarazi diote ez dutela amaieran oharrik plazaratuko edo adierazpenik egingo. Bilerara sartu aurretik minzatu da Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea Onda Vasca irratian. Esan du  "ziur" dagoela larunbatean izandako "gorabehera txikiak" gainditu, eta aurrera egingo duela EAJren eta PSEren arteko akordioak. Andoainen EAJko ordezkari batek PSEren hautagaia ez babestu izanak eta ondoren Gasteizen EAJko Gorka Urtaranen hautagaitza ez babestu izanak zalantza bat edo beste sortu du bi alderdien artean. Ortuzarrek uste du, ordea, akordio orokorra "askoz garrantzitsuagoa" dela larunbateko gertaerak baino, eta espero du aste honetan bertan "bideratzea". Bi alderdietako zuzendaritzak bilerak dituzte gaur, bakoitzak bere aldetik.

Ortuzarrek onartu du EAJk "huts egin" zuela Andoainen, baina nabarmendu du ordezkari independente bat izan zela Maider Lainez sozialista babestu ez zuena. Ulertzen du PSEren haserrea, baina "neurriz kanpokoa" iruditzen zaio ondorioz Urtaranen Gasteizko hautagaitza ez babestu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.