ETAren aurka manifestazio bateratu bat egitea eskaini dio PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek EAJri. Haren arabera, EAJren EBBko presidente Iñigo Urkulluk ez du zertan ezker abertzaleak protesta antolatu zain egon. Horrela erantzun dio PSE-EEk Urkulluri. Lehengo larunbatean debekuen aurka eta eskubide guztien alde Bilbon egindako manifestazioaren antolatzaileekin haserrea agertu zuen Urkulluk, manifestazioaren amaieran AEH Adierazi EHko ordezkariei hitza eman zietelako eta, haren ustez, bizitzeko eskubidea eskubide zibil eta politikoen pare jarri zutelako. Hori hala, Urkulluk AEHri eskatu zion ETAren aurkako manifestazio bat antolatzeko.
Pastorrek baikortzat jo du Urkulluk ETAren aurka azaldu duen jarrera. «Oraindik terrorismoa babesten dutenei legezkotasuna kentzeko garaia da orain». Hala ere, PSE-EEko kideak uste du EAJko buruzagi guztiek ez dutela bat egiten EBBko buruaren proposamenarekin. «Urkulluk argitu behar du PSErekin eta Jaurlaritzarekin konpondu nahi duen, edo nahiago duen Batasunaren oinordekoekin hitz egin, Egibarrek proposatu duen bezala».
PPk dagoeneko esan du ados legokeela ETAren aurkako manifestazio bat egitearekin.
Txarli Prieto Arabako PSE-EEko buruak, berriz, mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, «ezker abertzaleak ETA gaitzetsi dezan».
Jon Anza gogoan
Eskubide urraketa guztien inguruan jarrera irmoa azaltzeko eskatu dio AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteari. «Bazterketarik gabeko elkarrizketan oinarrituta, inor gehiagok bere eskubideak urratuak izan ez ditzan beharrezkoak diren akordio eta konpromisoak erdiesteko» eskatu dio buruzagi jeltzaleari. AAM prest azaldu da EAJ eta gainontzeko eragileekin batera bide horretan urratsak egiteko .
AAMk Urkulluri erantzun dio Espainiako Estatuak ere urratzen duela bizitzeko eskubidea. Presoen sakabanaketa politikaren ondorioz hamasei euskal herritar hil direla nabarmendu du, eta Jon Anzaren heriotza ekarri du gogora.
PSEk EAJri eskatu dio ETAren aurkako ekimen bateratu bat
Eskubide guztien aldeko konpromisoak eta akordioak galdegin dizkio AAMk Iñigo Urkulluri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu