Politika

PSEk Errenterian pairatutako erasoaren inguruan egin zituen adierazpenak "desitxuratu" direla adierazi du Knörrek

Eusko Alkartasunako idazkari orokor Gorka Knörrek PSE-EEren Errenteriako egoitzak pairatutako erasoari buruz egindako adierazpenak "guztiz desitxuratu" direla adierazi du Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan. Azken urteetan EAren egoitzak gainontzeko alderdien egoitzak baino eraso gehiago jaso dituztela azpimarratu du.

2003ko irailaren 9a
15:52
Entzun
Sozialista Abertzaleak Legebiltzarrean duen taldea ez deusezteagatik EAEko Justizia Auzitegiak bere aurka jarri duen prozeduran zer gertatuko den jakitea ez dela erraza uste du. "Zaila da asmatzea prozesu honetan alderdi politikoa alderdi juridikoari nagusituko zaion jakitea. Guk emandako arrazoiak guztiz zuzenak dira; aldiz, gure aurka erabili diren argudio politikoek ez dute ez hankarik ez bururik. Espainiako Gobernuaren aldetik eraso gogorrak etorriko dira, eta justizia Gobernuaren aurrean berriz ere makurtuko den ikusteke dago". Ildo horretan, Espainiako Auzitegi Goreneko erabakiak Ibarretxe plana oztopatzeko helburua dutela salatu du.

Burujabetzaren aldeko apustua

Eusko Alkartasuna etorkizunari begira prestatzen ari den proposamenaren ardatz nagusia burujabetzaren aldeko apustua izango dela adierazi du Knörrek. Bestalde, hilaren 26an Juan Jose Ibarretxek Legebiltzarrean aurkeztuko duen proposamena legealdi honetan bozkatu ahal izateko itxaropena agertu du. "Garrantzitsuena prozesua aurrera eramateko erabakia da. Datozen hilabeteetan prozesu honen alde lan egin beharra daukagu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.