Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi du bere alderdiak itun estrategiarik ez duela, baina Bildurekin "hain segur, askotan" lortuko dituela unean uneko akordioak. EAJrekin ere maiz jarriko da PSE-EE ados, Pastorren arabera.
"Nabarmena da garai desberdinak direla hauek. ETAk ez du hiltzen, eta indarkeria terrorista betiko bukatu duela iragarria du", esan du ETB2ko elkarrizketa batean PSE-EEko eledunak. "Gainera, ezker abertzaleak erakundeetan legezko parte hartzea dauka, eta horrek egoera politiko desberdina zabaldu du".
EAJrekin "herri ereduan" Bildurekin baino gertutasun handiagoa dutela aitortu du Pastorrek, baina Eusko Legebiltzarrean-eta arlo ekonomiko eta fiskalean Bildu koalizioarekin —ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba— hitzarmenak erdiesteko aukera handiagoa ikusten du.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako 2013ko aurrekontuak onartzeko akordioa egin berri dute Bilduk eta PSE-EEk —Aralarrek ere bai—.