politika

PSEren ustez, PPrekiko akordioak ez du EAJren eta PSEren arteko ituna urardotzen

Goizean iragarri du PPk bat egingo duela PSEk eta EAJ adostutako akordioarekin. Arabako PPk hartu du erabakia, eta orain EAEko zuzendaritzak berretsiko du adostutakoa. Javier de Andresek azaldu du "letra txikia" zehaztea baino ez dela falta.

PP, PSE eta EAJko ordezkarien bilera, irailaren 13an. J. RUIZ, ARP
Berria.info
2013ko urriaren 7a
18:56
Entzun

Joan den ostiralean egin zioten eskaintza berria, aldaketa batzuk eginez aurreko akordioari, popularrek, EAJk eta PSE-EEk  joan den irailaren 16an hitzartu zuten itun fiskalarekin bat egiteko.

"Gure ideietara gerturatu dira". Mezu hori eman du Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak. Gaineratu du "letra txikia" zehaztea baino ez dela falta; alegia, proposamen fiskalak nola idazten diren, ondoren batzar nagusietan eztabaida daitezen. PPren babesarekin, ziurra da zerga erreformak hiru lurraldeetan egingo duela aurrera.

De Andresek zehazki azaldu duen puntu bakarra da kapitalaren errentaren gaineko zergarena: 0 eta 2.500 euro arteko kapitalaren irabaziek %20ko tasa ordainduko dute. EAJren eta PSE-EEren lehen proposamena zen 15.000 euro arteko irabaziek %21 ordaintzea, %23 15-000-30.000 euro artekoek eta %25, berriz, hortik gorako irabaziek. Beste aldaketa bat etxebizitza erosi dutenen kenkarian gertatuko da. De Andresek azaldu duenez, gazteek eta familia ugariek orain arte zuten %23ko kenkariari eutsiko diote, jeltzale eta sozialistek proposatutako %20aren ordez.

Sozietate zergaren igoera gehiago mugatzea lortu du PPk, enplegua sortzen duten enpresentzat kenkari berezi bat ezartzea onartu baitute beste bi taldeek.

EAJ, pozik

Ituna PPra zabalduta, "akordio bikaina" iritzi dio EAJko idazkari Pilar Garcia de Salazarrek EAJk, PSEk eta PPk lortutakoari, eta ateak zabalik utzi dizkio EH Bilduk ere bat egiteari. PPk hitzarmenarekin bat egitea albiste ona dela azaldu du, eta, haren ustez, berretsi egiten du EAJk "akordioaren kulturaren" aldeko apustua egiten duela.

"Bazterketarik gabeko akordioa da, eta, beraz, ateak zabal-zabalik daude Bildurentzat", esan du. Itunak "ziurtasun" egoera sortzen duela eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zergak bateratuko dituela nabarmendu du, eta hori enpresentzat eta langileentzat "oso ona" dela gaineratu.

PSE-EEren arabera, berriz, PPrekiko akordioak ez du urardotzen EAJk eta PSEk itundutakoa. Europa Press berri agentziak PSEko iturriak aipatuz argitaratu duenez, alderdi horrentzat "ongi etorriak" dira PPk hitzarmenari eginiko ekarpenak, zerga erreforma Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan era homogeneo batean ezartzea ahalbidetuko dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.