POLITIKA

PSN eta PPrekin ituna nahi du Esparzak

UPNren "errealitate instituzioanalarekin" bat egiten duten alderdiekin hitz egiteko prest agertu da Jose Javier Esparza hautagaia. UPN alderdiaren "erabateko" babesa duela dio. 

Javier Esparza, Lourdes Goikoetxea eta Yolanda Barcia, atzo, Parlamentua desegiteko bilkuran. JESUS DIGES, EFE
Lohizune Amatria.
2015eko martxoaren 31
19:10
Entzun

UPN alderdiaren "etapa berri bat" iragarri du gaur Jose Javier Esparza foru hauteskundeetarako hautagaiak. Nafarroako identitatean eta foruetan oinarrituta, alderdiak proiektu politiko sendoa aurkeztuko duela esan du. Adierazi duenez, "berritzea, gardentasuna, zintzotasuna, ilusioa eta lana" izango ditu oinarrian, "etorkizun hobeagoa lortzeko". 

Esparzaren hitzetan, nafarren %80 Nafarroa "Nafarroa izaten jarrai dezala nahi du, eta ez du gobernua Gasteizen egotea nahi". UPN alderdia "erreferente" eta "Nafarroaren gobernagarritasunaren giltza" izatea nahi du hautagaiak. "Jendeak nahi duenaren jabe izanda egiten dugu, aldaketa eskatzen digute eta hori da mahai gaineratuko duguna", adierazi du. "Ez dituzte bete ezin diren agintzak entzungo".

Nafarroa gobernatzeko akordioak beharrezkoak izango direla argi du hautagaiak: "Egonkortasuna lortzeko funtsezkoak dira". Baina UPNren eredu politikoarekin bat egiten dutenekin egingo dutela dio: "PSN bat dator gure ereduarekin, eta baita PP ere".

PSNko hautagai Maria Txibitek, berriz, UPN eta Bildurik gabeko gobernu bat posible dela nabarmendu du berriki, eta hori erdiesteko Geroa Bairi eta Ezkerrari egin die dei. Kazetarien galderei erantzunez Esparzak, aldiz, esan du PSNk jakingo duela zer egin behar duen. "Nafarroa beste zerbait izatea nahi duten alderdiak daude, beste bandera bat dutenak; hori guretzako marra gorri bat da", adierazi du. Esparzak argi utzi du Geroa Bai alderdiarekin ez dutela itunik egingo, Uxue Barkos hautagaia laugarren xedapen iraunkorraren alde azaldu delako publikoki. "Soberan dago laugarren xedapen hori".

"Jarrera aldaketa"

Alderdiaren "erabateko" babesa duela adierazi du Esparzak; baita Yolanda Barcina presidentearena ere: "Dudarik gabe. Publiko egin du, gainera". UPN "erabat" aldatu nahi du, baina. "Alderdiaren berritzea ez da soilik aurpegi kontua, jarrera kontua ere bada", esan du. "Argi hitz egiteko garaia da, zintzotasunez; itunak beharrezkoak direla argi izateko garaia, akatsak aitortzeko garaia". Garrantzitsuena "konfiantza" eragingo duen "egonkortasuna" da, haren ustez: "Ameskeria nazionalisten edo utopia iraultzaileen tartean sartu nahi gaituztenek sortzen duten ziurtasunik ezaren aurre kokatzen gara". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.