PSNk aldaketak ezarri ditu bere txostenean

Bazterketarik gabeko elkarrizketa babestu du, eta zuzenketa ugari egin dizkio zuzendaritza ohiaren proposamenari

joxerra senar
Iruñea
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Herenegun, PSNren X. biltzarreko bigarren egunak emaitza interesgarriak utzi zituen. Larunbatean hurrengo idazkari nagusia berriro ere Roberto Jimenez izango dela zehaztu ostean, igandean txosten politikoaren eta zuzendaritzaren gainean eztabaidatu zuten. Biltzarraren aurretik, makina bat zuzenketa egin zizkioten Roman Felones presidenteak prestatutako txostenari. Garai politiko berrian, bazterketarik gabeko elkarrizketaren alde egin dute.

Txostenaren edukia hurrengo egunetan argitaratuko da. Aldaketak daude espetxe politikan, hizkuntza politikan eta Nafarroako Gobernuaren barruan UPNri ezarri beharreko marra gorrien inguruan. Ikusi beharko da aldaketek zer garrantzi duten.

Zuzendaritzako kideak ere berritu egin ziren. Talde horretan, berriro ere indar berezia hartu du Juan Jose Lizarbe arlo ekonomikoko idazkari berriak. 2004ko VIII. biltzarrean Carlos Txibite zenaren aurrean galdu ostean, zokoratuta geratu zen. Legealdi honetan, parlamentuko eledun izan da, eta orain kargu garrantzitsua hartu du PSNren barnean. Santos Cerdan Antolamendu idazkari nagusia eta Maria Txibite gizarte arloko idazkaria dira beste bi kargudun garrantzitsuak. Gainera, zuzendaritzara itzuli egingo da Helena Berruezo. Era berean, PSOEren zuzendaritza federalean PSNk izango duen bi ordezkarietako bat Miguel Angel Anzizar da, etxegintza negozioetan ibili den UGTko buruzagia.

Alfredo Perez Rubalcabak Nafarroako Gobernuan PSNk duen presentzia babestu zuen, baina «alderdiak inoiz zeharkatu ezin dituen marra gorriak» dituela ohartarazi zion Barcinari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.