PSNk Jose Luis Uriz Atarrabiako PSNko zinegotzia alderditik bidaltzeko espedientea zabaltzea erabaki du, honek larunbatean herriko festetako suziria Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen alde bota zuelako. "Urteetan egin duen lanaren ondorioz, Batasuna bakearen bidera eraman du", esan zuen Urizek herenegun Otegigatik. Gaur zehaztu nahi izan du ez zuela txupina haren alde jaurti, baizik eta "gogoan" izan zuela. Adierazi du ez zaiola ondo iruditzen bere alderdiaren neurria, eta gogoratu du urteak daratzamala ideia sozialistak defenditzen hautetsi gisa eta, "horregatik", bi bizkartzain dauzkala.
PSNk esan du "lotsa" sentitu duela haren jarrerarekin. Nafarroako Parlamentuko talde denek kritika egin diote Urizi, NaBaik salbu. Herrialdeko gobernuari "egundoko astakeria" iruditu zaio PSNko hautetsiaren jokabidea. Aldiz, Odon Elorza Donostiako alkate eta PSE-EEko kideak Uriz alderditik ez bidaltzeko eskatu du, "balio handiko gizona" delako.
Otegi joan den urritik kartzelan daukate.
Urizek festen hasieran beste lau pertsona ere izan zituen "gogoan". Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusi eta Nafarroa Baiko lehendakarigaia da haietako bat. "Izan ere, Nafarroan egunen batean gobernu aurrerakoia egon dadin laguntzen du".
Beste hirurak: Tomas Gomez Madrilgoko PSNko idazkari nagusia -"Madrilgo primariak irabaziko ditu [hala egin du] eta haize freskoa eskarriko du alderdira"-, Odon Elorza PSNko kide eta Donostiako alkatea -"Donostia 2016an Europako kultur hiriburu izatea lortuko du"- eta Montse Tura PSCko kidea -"ezker katalanistaren etorkizuna bermatuko du"-.
politika
PSNk alderditik bidali nahi du Uriz, hau Otegiren alde azaltzeagatik
"Urteetan egin duen lanaren ondorioz, Batasuna bakearen bidera eraman du", zioen larunbatean Atarrabiako PSNko zinegotziak ezker abertzaleko kideaz festetako suziria eskaintzean. Bere alderdiak espedientea zabaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu