PSNk dio Otxoaren euskararekiko jarrera ez dela alderdiaren jarrera ofiziala

2015eko otsailaren 5a
12:16
Entzun

Mari Carmen Otxoa PSNko parlamentariak asteartean egin zituen adierazpenen ostean, PSN horiek zuzentzera atera da, eta argitu du "inoiz ez" duela babestuko euskara ikastea derrigorrezkoa izatea Nafarroan. Ohar baten bidez atzo azaldu zuen alderdi sozialistak babesten duena dela hezkuntza sistema publikoan Nafarroa osoan euskaraz ikasi ahal izatea, eta ez ikasi behar izatea.

Otxoak asteartean parlamentuan esan zuen nafar guztiek jakin beharko luketela euskaraz, orduan izango lituzketelako aukera berberak. "Uste dut euskara inori ukatu behar ez litzaiokeen aberastasun kultural bat dela, eta denok ezagutu eta ikasi beharko genukeela". Murgiltze ereduaren alde mintzatu zen, gainera, ez soilik nafar guztiek izan dezaten ikasteko aukera, baizik eta guztiek ikas dezaten.

Adierazpen horien ostean, hainbat kritika egin dizkiote PSNri eskuineko alderdiek, eta zuzenketa egin du. Argitu du Otxoaren jarrera ez dela alderdiaren jarrera ofiziala, eta ez duela babesten Erriberriko alkate ohiak esandakoa: "Euskara gure erkidegoaren aberastasun kulturala eta aniztasunaren erakusle bat da, eta errespetatu egin behar da, eta ez erabili talka egiteko".

PSNk bere oharrean dio Euskararen Legea balekoa dela "Nafarroako gizartearen beharrei" erantzuteko. PSNk Euskararen Legean aldaketa bat egitea proposatu du, Nafarroa osoan sistema publikoan D eredua eskaini dezan gobernuak, eta otsailaren 19an dira bozkatzekoa —atzeratu egin zuten—. Legearen aldaketa horretan proposatu du eskaera dagoen ikastetxeetan D eredua eskaintzea, gobernuak ezarritako kopuruaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.