Nafarroa

PSNk elkarrizketekin segitzeko idatzia igorri die NaBairi eta NEBi

Gobernu alternatiboa osatzeko konpromisoa dutela "idatziz eta agerian" hartzeko eskatu zien ostegunean Nafarroa Baik sozialistei, eta gaurko erantzuteko. Zenbait komunikabidek gaur plazaratu dutenez, programako eduki askotan adostasuna lortu dute. Blancok, hala ere, oraindik "desadostasun politikoak" dituztela esan du.

2007ko ekainaren 25a
16:17
Entzun
Nafarroa Baik gaur arteko epea jarri zion PSNri, NEBek eta hirurek Nafarroan gobernu alternatiboa osatzeko konpromisoa dutela "idatziz eta agerian" hartzeko, eta PSNk bi alderdi haiei elkarrizketekin segitu nahi duela esanez gutuna igorri die gaur. "Nafarroan Gobernua osatzeko borondatea du PSNk, NaBairekin eta NEBekin akordioa eginda", dio gutunak, Efe berri agentziak dioenez.

Carlos Chivite PSNren idazkari nagusiak sinatuta dago eskutitza, eta ekainaren 23ko data dauka. Nafarroa Bai koalizio abertzaleak (Aralar, EA, Batzarre, EAJ) gaur aztertuko du gutuna.

Nafarroako Parlamentuaren osaketan UPNrekin ados jarrita ibili ziren PSNkoa -Elena Torres sozialista hautatu zuten presidente-, eta horrek ezinegona sortu zuen NaBairengan eta NEBrengan.

Albiste horren ildotik El Paiss egunkariak gaur plazaratu du NaBai eta PSN ados jarri direla beren programetako edukien %70ean. Diario de Noticias de Navarra-ren arabera ere, gai askotan adostasunera iritsi dira indar politiko biak, eta Euskararen Legea eta Sinboloena dituzte oraindik hitzartzeko.

Hala ere, El Pais-eko informazioan jasotzen da PSNk oraindik ez duela argi zer egingo duen, besteak beste, PSOEko "buruzagi esanguratsuak" abertzaleekin gobernua osatzearen kontra daudelako horrek hauteskundeei begira kalte egin diezaiekeelakoan. Halaber, euskararen inguruko politika eta Nafarroak EAErekin bat egitea baimen dezakeen Espainiako Konstituzioko laugarren xedaparen iragankorraren inguruan ez dutela oraindik negoziatu agertu du El Pais-ek, eta gai horiek zaildu egin dezaketela akordioa.

Blancok dio desadostasunak daudela

Hedabideek PSNren eta NaBairen artean gertutasuna dagoela argitaratu duten arren, Jose Blanco PSOEren Antolakuntzak gaur esan du bi alderdiek oraindik "desadostasun politikoak" dituztela, "eta horiek ez dira gainditu". Hori dela-eta, "Gobernua osatzeko fasean ezin da sartu".

PSOEn koalizio abertzalearekin akordioa egitearen kontrako iritzirik ez dagoela adierazi du Blancok, "Nafarroan zer egin behar den gogoetak baizik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.