PSNk espedientea jarri die hondakinak erretzearen aurka egin duten bi zinegotziri

Olatzagutian Portlandek duen planta ez ixteko, zaborrak erretzea onartu behar da, PSNren zuzendaritzaren ustez

Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
PSNk diziplina espedientea jarri die Olatzagutian (Nafarroa) dituen bi zinegotziri, Portlandek herri horretan duen plantan hondakinak erretzen hastearen aurkako mozio bat babesteagatik.PSNk berretsi du plantaren etorkizunerako berme dela erraustea. «Gainera, zorrotz betetzen du alor horretan indarrean dagoen legediak dioena».

Portlanden plantan hondakinak erretzearen kontra 3 Mugak Batera plataformak aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen herenegun Olatzagutiko Udalaren osoko bilkuran. PSNk dituen hiru zinegotzietatik bik, Manuel Terradosek eta Miguel Angel Solisek, alde bozkatu zuten. Ez zuten babestu, ordea, beren alderdikideJose Galartzak aurkeztutakoa. Mozio horretan Portlandek Olatzagutiko eta orobat Sakanako ekonomiari egindako ekarpena azpimarratzen zen, eta hondakinak erretzen hasteko enpresak egindako eskaria babesten. PSNren arabera, «oso larria» da bi zinegotziek egindakoa. Astelehenean aztertuko du zuzendaritzak espedientea. Bi zinegotziak PSNko Olatzagutiko udal taldetik kanporatu edo ez erabakiko dute.

Bestalde, 3 Mugak Batera plataformako eta 3R Konpainiako ordezkariak Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen, Ingurumen eta Industria batzordean hitz egin zuten atzo. Portlanden plantan hondakinak erretzearen aurka daude bi talde horiek, eta haien ordezkariek nabarmendu zuten, enpresak eta Nafarroako Gobernuak esaten dutenaren kontra, ekonomiaren ikuspegitik ere ez dela beharrezko Portland zaborrak erretzen hastea.

3R Konpainiaren izenean, Julio Barea Greenpeaceko kidea mintzatu zen. Aste honetan talde ekologistak ateratako txostenarekin bat eginez, porlan fabriketan zaborra erretzeak ekonomian «kostu negatiboak» dituela esan zuen. «Erretzen den zabor hori birziklatuko balitz, gutxienez zazpi aldiz lanpostu gehiago sortuko lirateke». Hondakinak erretzeak ingurumenean eta osasunean eragiten dituen kalteen inguruan zalantzarik ez dagoela esan zuen. «Ezin dira jarri enpresa baten interesak herritarren interesen gainetik. Ez zaigu bidezkoa iruditzen».

Bat etorri ziren horrekin 3 Mugak Batera plataformako ordezkariak. Nabarmendu zuten Portlandek zaborrak erretzeak beste sektore ekonomiko batzuei kalte egiten diela. Nekazaritza eta turismoa jarri zituzten horren adibide. Gainera, herritar gehienak egitasmoaren aurka daudela azaldu zuten.

Bilduk, Ezkerrak eta NaBaik bat egin zuten bi taldeen azalpenekin. UPNk, PSNk eta PPNk aldiz, enpresaren asmoen ade egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.