PSNk ez ditu babestuko Iruñeko 2012ko aurrekontuak

Sozialistek arrazoitu dute UPNk «desleial eta modu desegokian» jokatu duela eta ez dela jabetu gutxiengoan dela

Iruñeko alkate Enrique Maia, batzar aretoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
PSNk soka tenkatu du Iruñeko Udalean. Nafarroako Gobernuan UPNren bazkide bada ere, PSNko Iruñeko udal taldeak erabaki du ez babestea 2012ko aurrekontuak. Erabaki horri eutsiz gero, aurtengo aurrekontuak datorren urtera luzatuko dira. PSNren Iruñeko militanteen batzarrak herenegun «aho batez» hartu zuen erabakia, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak «atzerakoiak» eta «asaldagarriak» direlako.

Eduardo Vall PSNren Iruñeko batzarreko idazkariak atzo eman zuen erabakiaren berri, eta oso kritiko azaldu zen hala UPNrekin nola egungo Iruñeko alkatearekin, Enrique Maiarekin. «Ez dute ulertu eta ez dute barneratu gutxiengoan daudela», esan zuen. «PSNrekiko desleial eta modu desegokian jokatu du UPNk», gaineratu zuen.

Vallen arabera, iragan urrian PSNrekin egindako akordioa hautsi zuen UPNk, eta akordio horretan jasota zetozen PSNren proposamenak nabarmen murriztu zituen. «Ez edukietan, ez sinesgarritasunean ez dago gutxieneko baldintzarik. Hori guztia UPNren kudeaketa txarraren, gaur egun agintzen duenaren eta Yolanda Barcinak utzi digun ondare penagarriaren ondorio da», esan zuen Vallek. Erantzukizun guztia UPNren ezgaitasun politikoari leporatu dio.

Jorge Mori PSNko hautetsiak azaldu du Iruñeko auzoen artean «inbertsio desorekarekin» jarraitzea proposatu duela udal gobernuak, eta halakorik ezin dutela onartu deritzo. «Kaltetutako auzoetako herritarrek urte asko daramatzate inbertsioen zain, eta urtez urte euren itxaropena zapuztu egiten da».

UPN, haserre

UPNk arbuiatu egin du PSNren erabakia. «Jarrera hori espero genuen, baina larria eta arduragabea denez, harrigarria da». Prentsa ohar baten bidez, bere kezka agertu du UPNk, PSNko hautetsiek Bilduren tesiekin bat egin dutelako eta gobernu ekintzari «boikota» egin diotelako. Salatzeko deritzo egungo egoera ekonomikoan PSNk «aurrekontuak atzera bota» eta hiria gerarazi nahi izatea.

Era berean, UPNk kritikatu du PSNk ez duela negoziatzeko jarrerarik erakutsi. «Ez du zuzenketarik aurkeztu, eta ez da negoziatzera eseri. Horrek erakusten du ez zuela borondaterik akordiorik lortzeko». UPNk ez du ulertzen zergatik Nafarroako Gobernuan koalizio akordioa egin duen PSNk eta zergatik Iruñeko Udalean ez dituen aurrekontuak negoziatu nahi. Koherentziarik ez izatea egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.