Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak esan du bere alderdiak ez duela Nafarroako Gobernua kanpotik babestuko. "Oposizio baliagarria eta zorrotza egingo dugu, herritarrentzat", adierazi du Iruñean, prentsaurreko batean. "Boterea parlamentuan dago eta sozialistok botere horren erabilpenean herritarrei ez diegu hutsik egingo".
UPNk eta PSNk gobernu koalizioa hautsi zutenetik, UPN gutxiengoan dago parlamentuan; 50 aulkietatik 19 dauzka. PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPNk 4 eta Ezkerrak 3.
Lizarbe ez da ausartu Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak hauteskundeak aurreratu egingo dituela esatera. "Orain baleude bozak, seguruenik irabazi egingo genituzke".
Nafarroako "krisi ekonomiko garrantzitsu hau" UPNk sortu duela uste du PSNko eledunak. "Ez duguna onartuko da herritarrek pairatzea UPNren eta Barcinaren akats estrategikoak. Adibidez, PPren murrizketak ezartzea saihestuko dugu".
Lehendakariari legebiltzarrean konfiantza mozioa aurkezteko eskatu dio. Barcinak ez balu halakorik egingo, Lizarbek ez du argitu oposizioak zentsura mozioa aurkeztuko lukeen.