PSNk gobernu ituna betetzeko asmoa du, baina ez du baztertu UPNk haustea

Zuzendaritzak landu duen txostenean iragarri du etorkizunean gobernuan «zailtasun gehiago» egongo direla

joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ez dago oso ziur PSN. Apirilaren 20an eta 21ean, X. kongresua egingo du, eta, biltzar horri begira, txosten politiko bat landu dute Roman Felonesek eta Fabricio Potestadek, PSNko zuzendaritzak hala eskatuta. Dokumentuan, besteak beste, PSNk gobernuan daramatzan bederatzi hilabeteen azterketa egin dute, eta aitortu dute hartu behar izan diren gastu murrizketen ondorioz «ezinbesteko higadura» jasan duela alderdiak. Hala ere, PSNk berretsi du ekainean UPNrekin hitzartutako gobernu akordioa betetzeko konpromisoa duela. UPNk konpromiso bera ote duen zalantza adierazi du, ordea: «Dagokion leialtasunez akordio hau betetzen bada, legealdi osorako izango da. Hala ez bada, beste batzuk izango dira akordioa bete ez dutenak, eta haiei eskatu beharko zaie gertatukoaren ardura».

Dokumentu hori publiko egin zuen atzo PSNk lurralde batzordearen bileran, eta bertara joandako 105 militantek ia-ia aho batez onartu zuten txostena —pertsona batek soilik bozkatu zuen kontra—. Txostenean 492 puntu jorratu dituzte, eta hurrengo urteetan jorratu beharreko ildo politikoa zehaztu dute. Militanteek eztabaidagai izango dute edukia apirilaren 20ko kongresura bitarte.

Gobernuaren gaineko balantzea egitean, azaldu dute PSNk «presentzia instituzionala irabazi» duela. Presidenteordetza bat eta hiru departamendu izanda, PSNren gestioa goraipatu dute. Txostenean azaldu dutenaren arabera, «defizita murrizteko UPNren politika zorrotzaren aldean» ekonomia eta enplegua sustatzeko PSNren alternatiba nabaritu da. Txostenaren interpretazio horri erreparatuta irudi luke gobernuak bi politika desberdin garatzen dituela edo UPNk PSNren itzalean gobernatzen duela.

PSNk kritikatu du azaroaren 20ko bozei begira UPNren eta PPren arteko ituna «ageriko desleialtasuna» izan dela. PPk Espainian gehiengo absolutua lortu duela kontuan izanda aurrerantzean gobernuan zailtasun gehiago izango direla iruditzen zaio PSNri.

«Zalantza ezinezko defentsa» egin dute Nafarroaren egungo estatus politikoaren inguruan. Foru Hobekuntza defenditzen jarraitzeko asmoa azaldu dute, «hori delako herritar gehienen borondatea».

Elkarrizketaren alde

Garai politiko berrian, Nafarroako «zentroa» ordezkatzeko beharra azaldu du PSNk. «Ziurrenik, terrorismoaren eta ETAren amaieraren aurrean gaude, eta, horren inguruan, Nafarroan ezarrita dauden alderdi guztiekin bazterketarik gabeko elkarrizketaren alde apustu egin du PSNk, behin betiko bakea lortzeko».

PSNk txostenean azaldu du zein duen lehentasuna hurrengo hilabeteetarako: «Militantzia sozialistak ez du onartuko orain hilabete gutxira arte, inplizituki bada ere, indarkeriaren eta mehatxuaren aurrean harro agertzen zirenek orain balio demokratikoak monopolizatu nahi izatea edo bakearen defendatzaile gisa aurkeztea». Era berean, «indarkeria erabili edo arrazoitu zutenak gizarteratzeko prest» agertu da, betiere «aitortutako mina aitortu eta barkamena eskatzen badute». Egungo zuzendaritzaren ikuspuntua ere jorratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.