Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak ziurtatu du osoko zuzenketa aurkeztuko dietela 2015eko aurrekontuei. Europa Press berri agentziari egin dizkio adierazpenok. Onartu du "denbora dezente" eman dutela gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua aztertzen. "Erabakia hartuta dago; eztabaidarik eta atzera bueltarik gabea da".
Lizarbek adierazi duenez, aurrekontu proiektua aurrekoen "kopia bat" da: "Hori bai, [Cristobal] Montororen ekarpenekin", gaineratu du. PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen ustetan, Nafarroak ez du merezi halako aurrekontu proiektu bat, ezta gaur egun duen gobernua ere.
"Garai berri batez" mintzatu da gaur Maria Txibite PSNko idazkari nagusi berria izango dena. Haren arabera, PSN "irabaztera" irtengo da, eta ekonomia eta gizarte arloan "aberatsagoa" den Nafarroa du helburu. "UPNren garaia amaitu da, guk eta haiek badakigu hori. Hilabete batzuk geratzen dira garai berri batean sartzeko".
@mavichina Empieza un nuevo tiempo en el PSN y en Navarra. pic.twitter.com/dp0VHTN9kH
— Socialistas Navarra (@PSNPSOE) November 5, 2014
Txibitek lehentasunezkotzat jo du "herritarren arazoak konpontzea", eta zehaztu du UPNk "aukera asko" izan dituela Nafarroan dauden arazoei irtenbidea emateko. Onartu du "garai zaila" dela politikarako eta politikarientzako, baina ez dio beldurrik: "Horrek adore gehiagorekin lan egitera eramaten nau".
Alderdiak abenduaren 13an ezohiko biltzarra egingo du, eta orduan utziko du Roberto Jimenezek idazkari nagusi kargua. Urriaren 19an PSNren presidentegai aukeratu zuten Txibite hauteskunde primarioetan, botoen %58,6rekin. Amanda Acedorekin lehiatu zen.
Zizur zendean, aldaketarik ez
PSNk ez du baliatu aldaketarako aukera Zizur zendean. Jose Joaquin San Martin alkateak (UPN) dimisioa eman berri du, alkohol proba batean positibo eman ondoren. Haren ordez, Jesus Antonio Barricarte aukeratu dute, alderdi berekoa.
11 zinegotzietatik bost ditu UPNk; hori horrela, independenteek (bi zinegotzi), Erreniega hautesle elkarteak (bi) eta Nafarroa Baik (bat) hautagai bat adostu zuten, PSNren boto bat behar zuena. Jose Luis Sanchez sozialisten ordezkariak, ordea, bere buruari eman dio botoa, eta, beraz, UPNk jarraituko du alkatetzan.