PSNrekin akordioa lortzeko ahal duen guztia egingo duela dio orain Barcinak

Kontuen gaineko ikerketa batzordearen alde dago oposizioa, eta presidentearen agerraldia eskatu du

joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gutxiengoan gobernatzeko gai ikusten du bere burua Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Are gehiago, gobernua hautsi berritan, berriro ere PSNrekin hitzarmena lortzeko gertu azaldu da. Haren hitzetan, «ahal duen guztia» egin du: «PSNrekin batera lan egiten saiatuko naiz. Elkarlan hori ohiko formula izan da demokrazia garaian, eta dena jarriko dut PSNrekin hitzartzeko». Ostiralean Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak ohartarazi zuen alderdi sozialista gobernutik kanporatzeko erabakiak ez zuela atzera bueltarik, eta ondorioak ez neurtzea egotzi zion Barcinari. Presidenteak, ordea, ez du aintzat hartu adierazpen hori, eta erru guztia Jimenezi berari bota nahi dio, arazo pertsonal batera mugatu nahirik krisi politikoa.

Oposizioa bere gehiengoa baliatzen hasi da parlamentuan. PSN, NaBai, Bildu eta Ezkerra kontu publikoen gaineko ikerketaren alde azaldu dira. Astelehenero legez, parlamentuan eledunen batzordearen bilera izan zen atzo, baina oraingoz ez dute aztertu ikerketa batzordea. Datorren astean hartuko dute ziurrenik erabakia. Oposizioko alderdi horiek Nafarroako Kontuen Ganberak kontu publikoak ekainaren 30era bitarte ikuska ditzala eskatuko dute. Era berean, batzordeak onartu egin du Barcinaren agerraldia. Gobernu koalizioaren hausturari buruzko azalpenak eman beharko ditu, eta deialdi hori ahalik eta azkarren egitea nahi du oposizioak.

Patxi Zabaleta NaBaiko parlamentariaren irudiko, Nafarroako kontuez gain, ikerketa batzorde horrek beste auzi batzuk ere aztertu beharko lituzke: «Salbuespenik gabeko batzordea izan behar du. Sozietate publikoak eta Nafarroako Kutxa ere ikertu behar lituzke». Zabaletaren ustez, udan egin beharko luke ikuskaritza hori Kontuen Ganberak, irailean parlamentu taldeek mahai gainean izan dezaten emaitza: «Ganberak kontuen irudi fidagarri bat helaraziko dio gizarteari. Beharrezkoak diren ziurtasun, konfiantza eta segurtasun guztiei aurre egin behar zaie».

Bildu: «Zorroztasun osoz»

Bakartxo Ruiz Bilduko eledunaren arabera, berriz, Nafarroako gizarteak ez daki uneotan zein den Nafarroako kontuen benetako egoera. «Zorrostasun osoz argitu beharra dago zer egoeratan dauden Nafarroako kontuak», azpimarratu du. Ruizek ere egokitzat jotzen du kontuez gain Nafarroako Kutxaren, sozietate publikoen eta «Nafarroako beste azpiegitura batzuen» benetako egoera aztertzea.

PSNko Juan Jose Lizarberen ustez, berriz, «ikerketa batzordeak dena aztertu beharko du, gutxienez 2007tik honako guztia». Haren ustez, batzorde hori«ondo» egin beharra dago. Zabaletak eta Ruizek egindako proposamenari ezezkoa eman dio: «Ez dakit zer zerikusi duen Nafarroako Kutxak honekin guztiarekin».Ezkerrako Jose Miguel Nuinen aburuz, «dena» ikertu behar da: «Itzalpeko bidesariak, zorra, zerga politika...».

UPNko Carlos Garcia Adanerok, berriz, «zentzugabetzat» jo du ikerketa batzordea eskatzea; Barcinak parlamentuan agerraldia egitea nahikoa dela deritzo. «Ez dugu kontuekin ezer ezkutatzeko». Haren ustez, jada kontuen gain nahikoa kontrol badago eta ezkorra da «errealitatearekin bat ez datorren itxura helaraztea gizarteari».

Geroa Baiko Uxue Barkosen ustez, «lehenik eta behin» Nafarroako kontuen benetako egoera jakin beharra dago. «Akordiorik eta bi alderdien arteko harreman onik ezean, ez da onargarria konfiantza falta hori. Iradokitako akusazioek arrazoizko muga gainditu dute, eta mesfidantza eragin dute gizartean. Onartezina da». Gobernuari «irmotasun ideologikoa» falta zitzaiola uste du, eta azaldu du horregatik erori dela espero baino lehen .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.