Nafarroa

PSNren Lurralde Batzordeko kideak arduradunen dimisioa eskatzen hasi dira

Jose Luis Urizek dio prozesuaren "kudeaketan hanka-sartze larriak" egin dituztela arduradun sozialistek, eta "hori kudeatu duten pertsonek ordaindu" egin beharko luketela. Helena Berruezok, berriz, Fernando Puras lehendakarigai sozialistak eta Carlos Chivite PSNren idazkari nagusiak "lehenbailehen" dimisioa eman dezatela exijitu du. PSOEk dio ez dituela onartuko kritikak.

2007ko abuztuaren 4a
18:21
Entzun
PSOEren erabakiz, PSNk UPNri Nafarroako Gobernuaren ardura hartzen ahalbidetuko diola-eta, PSNren Lurralde Batzordeko kide batzuk euren alderdiko arduradunen dimisioa edo haiek ordain dezatela eskatzen hasi dira. Jose Blanco PSOEren Antolakuntza idazkariak erantzun die alderdiaren Espainiako zuzendaritzak ez dituela PSNren exekutiboari egindako kritikak onartuko, "erabaki hau alderdi osoarentzat delako, ez zuzendaritzakoentzat soilik".

Jose Luis Uriz parlamentari ohi, Atarrabiako (Nafarroa) zinegotzi eta Lurralde Batzordeko kideak gaur esan du Gobernua eratzeko prozesuaren "kudeaketan" PSNko arduradunek "hanka-sartze larriak" egin dituztela, eta horrek "ondorioak" ekarriko dituela. "Gizarteak seguru ordainarazi egingo digula, eta hasi gara ordaintzen dagoeneko. Gauzak horreoa, hau prozesua kudeatu duten pertsonek ordaintzen dute edo alderdi osoak. Nik nahiago pertsonek ordaintzen badute".

Helena Berruezo PSNren Lurralde Batzordeko kide eta PSOEren Batzorde Federaleko ordezkaria haratago joan da, eta Fernando Puras lehendakarigai sozialistaren eta Carlos Chivite PSNren idazkari nagusiaren dimisioa eskatu du, eta hori "lehenbailehen" eman dezatela exijitu. "Izan ere, alderdi barruan erabateko dezepzioa dago, eta garbi dugu PSNn larrutik ordainduko dugula zuzendaritzak egindako kudeaketa txarragatik". "Alderdiko afiliatuak, boto-emaileak eta, azken batean, herritar denak engainatuta" sentitu direla adierazi du Berruezok, "azkenean garbi ikusi delako hiruko gobernua osatzeko borondaterik ez zegoela".

Aldiz, Javier Rojo Espainiako Senatuaren presidente eta PSE-EEren kideak uste du PSOEk hartu duen erabakia "arduraz" hartutakoa izan dela, "erabakiak ez direlako Nafarroara begira soilik hartu behar". Manuel Chaves PSOEren lehendakariaren ustez, Nafarroan "logikoena alderdirik bozkatuenak gobernatzea da".

Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak hurrengo astean erakundean ordezkatuta dauden alderdiak deituko ditu, Gobernurako lehendakarigairik baden ikusteko.

UPNk 22 eserleku lortu zituen maiatzaren 27ko hauteskundeetan, Nafarroa Baik 12, PSNk 12, NEBek 2 eta CDNk 2. EAE-ANV baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek (18.000 boto lortu zituen).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.