PSOE-ren Kongresua

PSOE "aldatzea" izango da Pedro Sanchezen erronka

PSOEren Ekintza Politikorako idazkari izango da Patxi Lopez. Politikagintzako lehen lerroa utzi du Rubalcabak.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berria eta idazkari nagusi ohi Alfredo Perez Rubalcaba, alderdiaren ez-ohiko kongresuan. LUCA PIERGIOVANNI / EFE
2014ko uztailaren 28a
07:53
Entzun

Aldaketak abian dira PSOEn. Joan da Alfredo Perez Rubalcaba, eta izendatu dute ofizialki Pedro Sanchez idazkari nagusi. Amaitu da alderdiaren ezohiko kongresua, eta hark proposatutako zuzendaritza berria onartu dute ordezkariek. Haietako bat izango da Patxi Lopez, Ekintza Politikorako idazkari moduan. Irailean egingo du PSE-EEk bere kongresua, eta orduan iragarriko du kargua uzten duen edo ez. Gaur gaurkoz, Idoia Mendia da Lopez ordezkartzeko hautagai bakarra. Aldaketak abian dira, baina ikusteko dago lortuko ote duten PSOE aldatzea, Kongresuko leloak dioen gisan.

Larunbat goizean jakinarazi zituzten Sanchezen zuzendaritza berrian arituko diren kide batzuen izenak. Susana Diazek uko egin zion presidente izateari, baina pisu berezia hartuko dute andaluziarrek. Micaela Navarro izango da, esaterako, alderdiko presidente berria, Andaluziako PSOEko presidentea. Lopezek idazkari nagusi berriaren esku utzi zuen bere burua, eta, alderdiko iturriek zabaldu dutenez, «mugimendurako tartea» utziko dion kargu berriak.

Idazkari nagusi berriak azaldu zuen «lurralde guztiek eta sentsibilitate guztiek» izango dutela tokia zuzendaritza berrian. Konpromiso hori agertu zuen izendapen hitzaldian ere: «Gutxi egongo naiz Ferrazen, eta asko lurraldeetan». Ez da hain konforme geratu, ordea, Eduardo Madina, idazkaritza nagusirako bigarren hautagai izan dena. Bi ordezkari izango ditu haren sektoreak zuzendaritza berrian. Berarekin inork ez duela hitz egin adierazi du, eta sektoreen arteko lankidetza handiagoaren falta sumatu duela.

Kongresuan egindako hitzaldia izan da Rubalcabak politikaren lehen lerroan egindako azkenengoa. Esker oneko hitzak izan ditu alderdiko kideentzat, eta Patxi Lopez ere aipatu du, ETAri buruz ari dela: «Denon lana izan da terrorismoa amaitzea, baina Zapatero Moncloan zegoela eta Patxi Lopez Ajuria Enean zegoela gertatu zen».

Benegas, Jauregi, Lopez

Sozialisten artean ez dira asko izan Euskal Herriko politikagintzan bidea egin ondoren Madrilen alderdiko ardura esanguratsuak hartu dituztenak. Izan da Espainiako Gobernuan aritu denik; adibidez, Carlos Soltxaga, 1982tik 1993ra ministro izandakoa. Euskal herritarren artean, Patxi Lopez eta Juan Moscoso soilik egon dira azken zuzendaritzan. Moscosok Euskal Herrian ez zuen ibilbide handirik egin: Iruñeko Udalean zinegotzi aritu zen. Joaquin Almunia ere, 1997tik 2000ra PSOEko idazkari nagusi izandakoa, Madrilen aritu da hasieratik.

Jose Maria Txiki Benegas eta Ramon Jauregik izan dute tokia Madrilen Euskal Herrian pisuzko karguak bete ondoren. Benegas, PSE-PSOEko idazkari nagusi izan ondoren, PSOEko antolakuntza idazkari aritu zen hamar urtez, 1984tik 1994ra. Jauregik bete zuen hark Araba, Bizkai eta Gipuzkoan utzitako lekua, eta bera ere Madrilera joan zen gero. Gaur egun ez dute ardura berezirik alderdian: Diputatuen Kongresuan ari da Benegas, eta Europako Parlamentuan Jauregi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.