PSOE eta EAJren arteko akordioaren atzean lehenaren beharra eta bestearen aukera uztartzea baino gehiago dagoela uste du Eusko Alkartasunak. Espainiako aurrekontuen eta Gernikako Estatutuaren garapenaren inguruan Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta EAJren EBBko lehendakariak itxi berri duten akordioa «estrategikoa» da, eta «bien interesen araberakoa», «egungo statu quo-ri eusteko asmoz» egina, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak hedabideen aurrean azaldu duenez. Akordio horren azken helburua, Pello Urizarren hitzetan, «jokaleku berriari oztopoak jartzea da, zerbait aldatu, berdin jarraitzeko». Are gehiago, Estatutuaren defendatzaile agertuta, erabakitzeko eskubideari eta autodeterminazioari eta abertzaleen artean elkarlanean aritzeari uko egin izana egotzi dio EAko idazkari nagusiak EAJri.
Akordioaren ondorioei dagokienez, Zapatero legegintzaldi amaierara arte egonkortu izana nabarmendu du Pello Urizarrek, hain zuzen ere, PPrekin batera hauteskunde legea gogortzea hitzartu duenean. Halaber, lan erreformari eta pentsioen izozteari babesa eman diela gogoratu dio EAk EAJri. Enplegu politika pasiboak, espetxe eskumenak eta euskal selekzioen aitortza alde batera utzi izana ere kritikatu du EAko buruak.
EAren ustez, denbora alferrik galtzen ari da EAJ Estatutuaren inguruko akordio honekin, euskal gizarteak esparru politiko hori gainditu nahi duelako. Bide subiranista horretan sakontzeko konpromisoa berretsi du EAko idazkari nagusiak.
EAJ, egonkortasunaren alde
EAJk PSOErekin lortutako akordioa defendatzen jarraitu du, Espainiako Kongresuan, Espainiako aurrekontuen eztabaidan, eta hedabideetan. Iñigo Urkullu EAJren EBBko lehendakaria bera TVE-n izan zen atzo. Urkulluren ustez, akordioak balio du Espainiako Gobernuak legegintzaldia amaitzeko, baina, batez ere, «urrats erabakigarria da, ia behin-betikoa, Gernikako Estatutuaren betetzea bideratzeko».
Urkulluk ohartarazi du arreta berezia jarriko dutela akordioa ongi bete dadin. Bide batez, onartu du negoziazioan eskakizun batzuk gogobete gabe utzi behar izan dituztela, adibidez, espetxeen inguruko eskumena edo euskal selekzioen aldarrikapena edo enklabeen auzia. «Gai hauek aparkatuta gelditu dira, baina uko egin gabe haien aldarrikapenari», azaldu du Urkulluk. Akordioaz haratago, etorkizuna «euskal gizarteak nahi duena» izango dela ziurtatu du EAJko buruak.
Mezu positiboa
Aldi berean, EAJko diputatuek PSOEkoekin batera bozkatu zuten atzo Espainiako Kongresuan, aurrekontu orokorrei jarritako osoko zuzenketak atzera botatzeko. Tramite hori gaindituta, Espainiako aurrekontuak batzordean tramitatuko dira, zatikako zuzenketen bidez. EAJren jarrera azaltzeko, aurrekontuen inguruko akordioak egonkortasun instituzionala, politikoa eta ekonomikoa ekarriko duela argudiatu zuen Pedro Azpiazu EAJko diputatuak. Aurrekontu akordioaren bidez, Pedro Azpiazu diputatu jeltzalearen arabera, «mezu positiboa» helarazten zaie merkatuei, Europako instituzioei, eragile ekonomiko eta sozialei eta herritarrei. Azpiazuk nabarmendu du erretiratuek ezin dutela eta ez dutela krisiaren ajeak ordaindu behar. Horregatik, ekonomia hobetzen denean, pentsiodunei orain eskatzen zaien esfortzua berreskura dezaten saiatuko direla argitu nahi izan zuen Azpiazuk. «Erretiratuek ulertu egiten dute, iraganean une zailak eta sakrifizioak bizi izan dituztelako», azaldu zuen diputatu jeltzaleak.
Elena Salgado Espainiako lehendakariordeak eskertu egin dio laguntza EAJri, eta erreforma gehiago egiteko «lankidetza bera» eskatu dio.
PSOE eta EAJren akordioa «jokaleku berria trabatzeko» dela uste du EAk
Abertzaleekin elkarlanean aritzeari uko egin izana egotzi dio Pello Urizarrek alderdi jeltzaleari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu