PSOEk dio Bildu erakundeetara iristea eragotzi egin behar dela

Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenen zain daudela dio Justizia ministroak, zerrendak baliogabetu ala ez erabakitzekoPPk ohartarazi du Bildu bozetan egon ez dadin «zorrotz estutuko» duela gobernua

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bilduk udal eta foru erakundeetan inolako presentziarik izan ez dezan, lanean ari dira PSOE eta PP. Eta koalizioak maiatzaren 22ko hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu berri dituela, horiek baliogabetzearen alde mintzatu dira batzuk zein besteak. Argi hitz egin du PSOEko Antolakuntza idazkari Marcelino Iglesiasek: Bilduren apustua ez dela «sinesgarria» esan du, eta koalizioa «erakunde demokratikoetara» iristea «eragotzi» egin behar dela. Iglesias ziur da epaileek ez dituztela Bilduren zerrendak ontzat joko, koalizioak indarkeriaren aurka duen jarrera «kosmetikoa» delako. Bilduk «sinesgarri» izan nahi badu koalizioak denbora gehiago beharko duela uste du PSOEko Antolakuntza idazkariak. Baina hori gertatu arte Espainiako Gobernuak Bildu hauteskundeetara aurkeztea ez duela utziko ohartarazi du. «Gobernuak zerrendak baliogabetzeko agindua emango dio Estatuaren abokatuari eta fiskaltzari».

Ildo beretik mintzatu da Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroa, Expansión egunkariari eskainitako elkarrizketan. Argitu du Bildu, koalizioa den heinean, ezin dela legez kanpo utzi. Ordea, koalizioak aurkeztu dituen hautagaitzen aurka jotzea posible dela erantsi du. Kasu horretan, Auzitegi Konstituzionalak 2007an EAE-ANVren zerrenda batzuk baliogabetzeko hartutako erabakia aintzat hartu behar dela esan du, epai hark argi finkatu dituelako zeintzuk diren gobernuakzerrendak baliogabetzeko dituen «mugak». Hori horrela, adierazi du Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenen zain dagoela gobernua, horiek jasota, Bilduren zerrendak inpugnatu ala ez erabakitzeko.

PPk, berriz, gobernua «zorrotz estutuko» du, «terrorista bat bera ere hauteskundeetan egon ez dadin».2007an ANVko zerrendekin gertatutakoa berriro ez gertatzea nahi du PPk, Ana Mato Antolakuntza idazkariordeak adierazi duenez. Harenesanetan, gobernuak bi aukera ditu: bata, PPrekin akordioa lortzea Bilduri «ate guztiak ixteko», eta, bestea,koalizioaren zerrenda guztiak baliogabetzea. Bi aukera horietakobat hartzeko eskatu dio Matok gobernuari.

UPNko presidente Yolanda Barcinak ere Bilduren zerrenda oro «luparekin» aztertzeko eskatu dio Alfredo Perez Rubalcaba Barneministroari: «Beharrezkoa bada, mikroskopioarekin».

Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, bestalde, beldur dio EAJk eta Bilduk herrialde horretan lor dezaketen akordioari, eta hori dela-eta, Markel Olano ahaldun nagusiari eskatu dio argitu dezan koalizioarekin ituna egingo duen. «Markel Olanok gidatutako EAJ-Bildu itunak Gipuzkoaren garapena etengo du», ohartarazi du.

Josu Erkoreka EAJk Kongresuan duen eledunaren iritziz, berriz, Bilduk ez du zailtasunik izango bozetan egoteko. Hori bai, uste du duela lau urteko egoera izango dela berriro, epaileek zerrenda «bakanen bat» baliogabetuta. «Herriz herriko hauteskunde kalkuluak» egingo direla iritzita, kezka azaldu du Erkorekak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.