Espainiako bi alderdi politiko nagusiek aurpegi ezberdina agertu dute Hego Euskal Herrian izandako bozketetan. PSOEk igoera nabarmena izan duen bitartean, PP-UPNk galera izugarria izan du. EAJk ia 70.000 boto gehiago izan ditu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. EB-IUk ere igoera izan du, Nafarroan izan ezik, herrialde horretan 4.000 boto galdu baititu.
Nafarroan indarrez sartu da Nafarroa Bai koalizio berria. 60.000 botorekin, diputatu bat lortu du Espainiako Kongresuan, eta, ondorioz, hasieratik bere buruari jarria zion helburua bete egin du.
Ezker abertzaleak bultzatutako autodeterminazioaren aldeko botoak 100.000tik gorakoak izan dira. Hain zuzen ere, %11 ingurukoa izan da Gipuzkoan, %3 ingurukoa Araba eta Nafarroan eta %5koa Bizkaian.
Eusko Alkartasunak aurretik zeukan diputatuari eutsi zion Gipuzkoatik, eta taldea osatu ahal izango du Kongresuan ERCrekin.
Aralar-Zutikek botoen %3 ingurukoa atera du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. 38.000 boto inguru lortu ditu, eta ez du diputatu bat lortzerik izan. Emaitzarik onenak Gipuzkoan erdietsi zituen koalizioak.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
PSOEk gorakada handia izan du Hego Euskal Herrian ere
PSE-EEk eta PSNk 2000. urtean baino 100.000 boto gehiago atera dituzte aurtengo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Eta, horrela, lau probintzietan gehien igo den alderdia izan da. Neurri berean, PP-UPNk 125.000 boto galdu dituzte Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan. EAJk gorakada nabarmena izan du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta Nafarroa Baik estrainaldi baikorra izan du, 60.000 botorekin. Ezker abertzaleak eskatutako autodeterminazioaren aldeko botoak 100.000tik gorakoak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu