Politika

PSOEk uste du EAJk "diskurtso eraberritua" daukala

Urkulluk Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako akordioa lortu nahi dutela berretsi zuen atzo Aberri Egunean, eta Ibarretxek eta biek apenas aipatu zuten 'galdeketa' hitza. PSOE "prest" dago hitz egiteko, "baina betiere Konstituzioaren barruan".

2008ko martxoaren 24a
13:23
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak atzo Aberri Egunean berriz ere PSOEri eskua luzatu zion Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako akordioa lortzeko, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta biek apenas aipatu zuten 'galdeketa' hitza Bilbon egindako ekitaldian, eta PSOEri "diskurtso hori eraberritua" dela iruditu zaio, gaur Jose Blanco PSOEko antolakuntza idazkariak esan duenez.

EAJk, atzo bere presidenteak zioenez, "urrats erraldoia" egin nahi du hiru lurralde haien autogobernuan. "Beraz, PSOEk beherapenak eskaintzen baditu, ez gaitu ondoan izango". PSOErekin erdietsitako akordioa "ona" bada, sinatu egingo dutela ziurtatu zuen, nahiz eta "ezker abertzalea, EA, ELA edo beste edonor" kontra azaldu.

PSOE "prest" dago EAJrekin hitz egiteko, "baina betiere [Espainiako] Konstituzioaren barruan, hortik kanpo ez baitago ezer", Blancok adierazi duenez.

EAk, berriz, Gernika-Lumon (Bizkaia) ospatu zuen Aberri Eguna, eta erabaki eskubidea eta galdeketa aldarrikatu zituen Unai Ziarreta EAko presidenteak.

Nazio Eztabaidaguneak Irun (Hendaia) eta Hendaia (Lapurdi) artean ibilaldia egin zuen, eta abertzaleen indar metaketa behar dela nabarmendu zuen, nazio eraikuntzan pausoak emateko; han izan ziren Batasuna, EA, Aralar, AB eta LABeko ordezkariak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.