PSOE

PSOEko idazkaritza utziko du Rubalcabak

"Emaitza txarren ardura alderdiaren zuzendaritzarena eta, bereziki, idazkari nagusiarena da", esan du Rubalcabak. Uztailaren 19-20an egingo dute ezohiko kongresua, eta ez da berriro aurkeztuko.

Rubalcaba, atzo, botoa ematen. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
jon olano
2014ko maiatzaren 26a
19:05
Entzun

Europako Parlamenturako hauteskundeetan emaitza kaskarrak eskuratu eta biharamunera, ezohiko kongresua egingo du PSOEk. Hala iragarri du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak, kongresu horretara ez dela aurkeztuko jakinaraztearekin batera.

Rubalcabak azaldu du Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira hautagaia aukeratu baino lehen aldatu behar duela zuzendaritza PSOEk, zuzendaritza berri horrek gidatu dezan prozesua. Hautagaia zehazteko egutegia zuzendaritza berri horrek erabaki behar du, Rubalcabaren arabera. Halaber, esan du "aspaldi" erabaki zuela Espainiako presidentetzara ez aurkeztea.

Bere gain hartu du PSOEk atzo erdietsitako emaitza kaskarren ardura: "PSOEren emaitzak txarrak dira. Kanpaina ona izan da, baina emaitzak, txarrak". Haren ustez, PSOEk ez du herritarren konfiantza berreskuratu, "jendea gaizki pasatzen ari baita". Konfiantza berreskuratzeak "denbora eta lan handia" behar duela uste du, eta aurrerantzean "formak" aldatu behar direla; "bai alderdi barnean, bai herritarrekiko ere".

Ezkerraren hazkundea

Europako hauteskundeen irakurketa orokorra ere egin du Rubalcabak: "Europak ezkerrera aldatu behar du, itxaropen gutxiago duten herritarrekin konektatzeko". Espainiako emaitzez, esan du "krisi sozialean, sistema politikoaren krisian eta lurraldetasun krisian" dagoela estatua, eta PPk "gaizki" egingo lukeela "sakoneko emaitzak ikusiko ez balitu".

Rubalcabak aitortu du PSOEk ez duela kapitalizatu ezkerreko botoa: "PSOE eta PP batzen gaitu Espainiako sistema politikoa gobernatu dutenak izatea. Ezerk gehiagok ez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.