Aro politiko berriaren eta prozesu demokratikoaren alde urratsikez duela egingo hitzeman dio EAJk PSOEri, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen ustez. Areago, Erkizia ziur da bi alderdiok hitzarmena lortu dutela jeltzaleak gatazka politikoa «blokeatu» dezaten. Itun horren arabera, jeltzaleek ez luketeEspainiako Gobernua estutuko ezker abertzalea legeztatu dezan, eta, trukean, sozialistek zerrendarik bozkatuena errespetatuko lukete datozen hauteskundeetan, Erkiziaren esanetan. Ezker abertzaleko kidearen irudiko, «ezkutuko itun» horrek ondorio «oso kaltegarriak» izango ditu Euskal Herriarentzat, EAJk ez duelako pausorik emango gatazkaren konponbidean, eta «beste alde batera» begiratuko duelako errepresioari dagokionez.
Info7 irratian egin ditu adierazpen horiek ezker abertzaleko ordezkariak. Erkiziak «ezetzaren frontean» ikusten ditu jeltzaleak, Madrilen irizpideei jarraitzen ari zaizkielako, elkarrizketari bizkarra emanez. Horren argitan azaldu ditu debekuen aurka eta eskubide guztien alde joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazioaren harira EAJk egindako kritikak. Manifestazioaren amaieran Adierazi EHk irakurritako mezuak giza eskubide guztiak aipatzen zituela gogorarazi du Erkiziak, eta, hortaz, ez du ulertzen EAJk esatea amaierako mezua «baztertzailea» zela. Hala, «erantzukizunez» jokatzeko eskatu dio EAJri. Erkiziaren aburuz, asteburu honetan agerian geratu dira EAJren barruko zalantzak: larunbatean, bat egin zuen Euskal Herriko gehiengoarekin, baina Madrilen «presioei» men egin die manifestazioaren aurka eginez.
Egungo egoera politikoaz eta larunbateko manifestazioaz oso bestelako «interpretazio politikoa» egin du Iñigo Urkulluk, EAJren EBBko presidenteak. Haren hitzetan, «ezker abertzalea ez da jokatzen ari egoerak eskatzen duen mailan», eta denbora beharko du bere «obsesio eta fanatismoak» alboratzeko eta «sistema demokratikoan» txertatzeko.Interneten duen blogeanidatzitako iritzi artikuluan egin du gogoeta hori Urkulluk.
Haren ustez, Bilboko manifestazioa «aurrera egiteko»eta «aldaketa» bultzatzeko aukera bat izan zen, baina han entzun eta ikusitakoak erakusten du ezker abertzalean ez dela aldaketarik izan. Hala, Urkulluk ohartarazi du ezker abertzaleak «bere kabuz» hasi beharko duela aro politiko berrirako bidea, gizarteak horixe bera eskatzen diolako. Azpimarratu duenez, EAJ ere urratsak egiteko prest dago euskal gizartearen eta Espainiaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko, bai eta bake prozesu batek ezinbestekoa duen «egonkortasun politiko-instituzionala» Estatuan errazteko ere.
Bestalde, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak uste du jeltzaleak «behartuta» joan zirela Bilboko manifestaziora, eta horregatik egin dituztela gero kritikak. Adierazi EHkoei hitza emango zitzaiela bazekien EAJk, etahorregatik «harritzekoa» iruditzen zaio haserretu izana. Nolanahi ere, EAko buruak EAJri eskatu dio argi eta garbi definitu dezala egoera politiko honetan duen jarrera,kanpora begira «bi mezu desberdin» helarazten ari delako, bata abertzaleentzat eta bestea Madrilentzat. Horrez gain, aro politiko berrian urratsak egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, ETAk emandako pausoak nahikoak ez diren arren, besteek ere mugitu egin beharko dutela uste duelako.
«Pauso erraldoia»
Aralarreko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok, berriz, Gernikako akordioaren garrantzia izan du hizpide ETBn egin dioten elkarrizketan. Haren iritziz, «pauso erraldoia»da Gernikako akordioa, «ETAk eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak horrelakorik ikusi nahi ez badute ere». ETAri alde bakarreko eta baldintzarik gabeko su-etena eskatzea Aralarrek azken hamarkadan egin duen aldarrikapen nagusia dela azpimarratu du: «Akordioak ekarri du Batasunak ere bat egin duela ETAri egin diogun alde bakarreko su-eten eskariarekin, indarkeria behin betiko uzteko borondatearen adierazle gisa».
Bilboko manifestazioari dagokionez, Ezenarrok kritikatu du«adostu gabeko agiria» irakurri izana, eta soilik eskubide batzuen urraketak aipatu izana. Hala ere,manifestazioaren aniztasuna txalotu du, eta nabarmendu du agerian geratu zela euskal gizartearen gehiengoak ez duela onartzen Aresen eta Rubalcabaren estrategia.
Lokarrik ere interpretazio baikorra egin du manifestazioaren inguruan. Egindako «hutsetatik» ikasteko eta etorkizunera begiratzeko eskatu du. Lokarriren ustez,«bizikidetza baketsua» lotzeko aukera du euskal gizarteak etahura baliatu egin behar du.
PSOErekin itun ezkutu bat edukitzea egotzi dio Erkiziak EAJri
Iñigo Urkulluk dio ezker abertzalea ez dagoela «egoera politikoak eskatzen duen mailan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu