Manifestazioetatik erasora pasatu dira Espainian PSOEren kontra. Hala, gaur goizeko lau eta erdiak pasatxo zirenean, Alcala Henaresen (Madril) PSOEren egoitzaren kontra egin dute ezezagun batzuek, molotov koktel bat bota diotelako. Erasoak atariari eragin dio, batik bat. Pintadak ere egin dituzte Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentearen kontra: ZP traidorea eta Z-ETA-P.
Juan Luis Aguirre Alcala Henaresko PSOEren bozeramaileak ekintza salatu du. "Demokraziaren hasieratik ez genuen erasorik jaso". Egoitza barruan atari ondoan 40.000 buletin dituztela adierazi du Aguirrek "eta horiek erre izan balira, zorigaitza handia zatekeen". Pintadei dagokionez, "azkeneko manifestazioetan Gobernuaren kontra esan direnen berak dira eta horrek pentsarazi egin beharko lieke, beste batzuek eraso zuzenerako baliatzen dituztelako".
Atzo iluntzean ere Madrilen Gobernuak Iñaki de Juana euskal presoari buruz hartutako erabakiaren kontrako manifestazioak izan ziren. De Juana bigarren graduan da ostegunaz geroztik. Harrezkero, Donostiako Ospitalean dago osatzen, eta gero etxean izango dute preso. "Giza arrazoiengatik" hartu zuen erabakia Gobernuak -"eta erabakia erabat legezkoa da"-, presoak bigarren gose grebaren 115. eguna zuelako eta "hiltzeko arriskua" zeukalako.
Esperanza Aguirre Madrilgo Gobernuko presidenteak (PP) gaitzetsi du gaurko erasoa, "nahiz eta PSOEk beti hala ez egin gure egoitzen kontrako erasoetan".
PSOEren Alcala Henaresko egoitzari eraso egin diote
'Molotov koktel' bat bota diote bart, eta 'ZP traidorea' eta 'Z-ETA-P' pintadak egin dituzte. Madrilen atzo iluntzean ere protestak izan ziren De Juana euskal presoari buruzko erabakiaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu