«Harrituta eta kezkatuta». Halaxe dago ezker abertzalea, prentsa ohar baten bidez adierazi duenez. Harridura eta kezka EAJko EBBko buru Iñigo Urkulluren azken adierazpenek sortu dute; zehazki, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin eta Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabarekin bildu eta gero erran dituen hitzek piztu dute ezker abertzalearen haserrea. «EBBko lehendakari batenak baino Espainiako Gobernuko ordezkari baten adierazpenak dirudite», esan du. Ezker abertzaleari «langak» ezartzea egotzi dio, eta, aldiz, «eskubideak masiboki urratzen duen» PSOEren politikari babesa ematea, eta «Alderdien Legeari eta Ezker Abertzalearen legeztapenaren inguruan Gobernuak darabilen joko instrumentalari abala ematea» aurpegiratu dio.
Urriaren amaieran elkartu zen Urkullu Zapaterorekin eta Rubalcabarekin. EBBko buruak berak bere blogean baieztatu zuenez, Rubalcabak proposatu zion bilera, eta onartu egin zuen. Bilera hori, ezker abertzalearen hitzetan, «mugarria» izan da, «Euskal Herrian zabaltzen ari den fase politiko berriari dagokionez».
Alde horretatik, Urkulluren adierazpenek agerian uzten dute, ezker abertzalearen ustez, EAJko buruak «PSOErekin bat» egin duela, «gure herrian ireki den testuinguru berria eta politikaren arloan sortu diren aukerak eragozteko».
«Leialtasunaren prezioa»
EAJk sozialistekin Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzeko egindako hitzarmenaren atzean dagoena ez du batere argi ikusten ezker abertzaleak. «Hitzarmen hori bakea lortzeko bere ekarpen gisa saltzen du Iñigo Urkulluk; beldur gara, ordea, hitzarmen horren atzean EAJren interesei lotutako akordioez gain, Rubalcabaren jarrerekiko leialtasunaren prezioa ez ote dagoen».
Horrela, «ilusioa pizten ari den espazio independentista-suberanista ahultzea» nahiko lukete jeltzaleek eta sozialistek, ezker abertzalearen ustez. Alderdi jeltzaleko kideei arduraz jokatzeko,eskatu die.
PSOEren «jokoari» babesa ematea egotzi dio ezker abertzaleak Iñigo Urkulluri
Iñigo Urkulluren eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren arteko afaria «mugarritzat» jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu