Espainiako Gorteetarako azkeneko bi hauteskundeek eragindako zirimola PSOE barrura sartu da, eta baita alderditik kanpora atera ere. Azkeneko asteetan Pedro Sanchezen ildoarekin kritiko izan diren ahotsek publikorako bidea egin dute. Felipe Gonzalez alderdiko idazkari nagusi ohia gogor aritu da elkarrizketa batean gaur Sanchezi buruz, eta, urratsa urratsari, alderdiaren egungo ildoarekin kritiko diren exekutibako hamazazpi kidek dimisioa aurkeztu dute.
Antonio Pradas eta Eva Matarin Madrilgo eta Andaluziako ordezkariek aurkeztu dituzte sinadurak, arratsean. PSOEren batzorde federalak 35 kide ditu egun —38 zituen hasieran; bi kidek utzi, eta beste bat hil egin zen geroztik—; hamazazpi kideon dimisioekin, Sanchez behartu nahi dute. Exekutibaren erdiak dimituta, idazkari nagusiak ez duela aginterik, eta batzorde federal berri bat osatu behar dela esan dute, eta horretarako gestora bat osatu behar dela orain.
Ferrazek iluntzean eman dio erantzun ofiziala kritikoen urratsari. Cesar Luena alderdiko Antolaketa idazkaria prentsaren aurrera agertu da, eta iragarri du, alderdiaren estatutuei jarraituz, ostegun goizean bilduko dela exekutiboa, 10:30ean; batzorde federala biltzera deituko du exekutiboak, alderdiaren ezohiko kongresu bat antola dezan. Kongresu horrek eman beharko lioke irtenbidea PSOE barruan sortu den krisi larriari.
Edozein moduz, Luenak lasaitzeko eskatu die militanteei, eta "momentu zail hauei" aurre egiteko "erantzukizunez" aritzeko eskatu die Sanchezen ildoarekin kritiko direnei zein gainerako alderdikideei. Behin baino gehiagotan nabarmendu du azken hitza militanteek izan behar dutela, exekutiboa berritzeko orduan. Zorrotz mintzatu zaie kritikoei: "Militanteei hitz egiten ez uzten saiatu dira gaur. Oso larria da hori".
Eztabaida airean dago orain. Kritiko batzuen iritziz, PSOEren exekutibak ez du jarraitzeko ahalmenik dagoeneko, eta gestora bat antolatu beharko litzateke. Ildo ofizialaren arabera, ordea, Sanchezek ez du dimisioa emango, eta ez dute gestora bat antolatuko. Estatutuek agintzen dutenari buruzko eztabaidan ari dira bi aldeak, nor bere neurriko irakurketak eginez.
Antonio Pradasek ohartarazi du exekutibak dagoeneko ez duela biltzeko ahalmenik, ezta ostegun goizean bilera egiteko ere: "Luena dagoeneko ez da Antolaketa idazkaria, eta PSOEren exekutibak ez du zilegitasunik". Luenak hitz egin ostean, Ferrazko egoitzaren atarian agertu da Pradas, adierazpen horiek egitera. Zenbait militante ere bildu dira egoitzaren atarian, zer gertatzen ari den ikustera.
PPren aldeko abstentzioa zurrunbiloaren erdian
Alderdi barruko krisiari erantzuteko, Sanchezek asmoa zuen larunbat honetan batzorde federala elkartzekoa. Horren bidez, kongresu azkar batera deitu eta hauteskunde primarioak egin nahi zituen urriaren 23an, militanteek eurek hauta zezaten PSOEko idazkari nagusia.
Nolabait bere burua karguan berresteko eta alderdiaren barruan zilegitasuna irabazteko asmoz antolatu nahi zituen Sanchezek primarioak. Espainian gobernu alternatiba bat osatzen saiatzeko asmoa ere iragarria zuen eta primarioak, beraz, urrats horri ekiteko aurreneko baldintza ziren. Mariano Rajoyren inbestidura saioak huts eginda, urriaren 31 arteko epea dute gainerako alderdiek alternatiba bat saiatzeko.
PPri kontra egiteko eta gobernatzen ez uzteko erabaki horrekin kritiko diren ahots asko agertu dira, ordea, PSOE barruan azkeneko bi hauteskundeen ondoren, eta kritika horrek gorputza hartu du gaur, bi alderen arteko gerra tankera hartzeraino. Sanchezek berak, elkarrizketa batean, Susana Diazi eskatu dio argitzeko zein "bandotan" dagoen: PPri ezezkoa eman nahi diotenen taldean, ala, Felipe Gonzalez bezala, PPri gobernatzen utzi nahi diotenen taldean.
Sanchezen ildoarekin oso kritiko izan da Felipe Gonzalez ere; Sanchezek abstenitzeko asmoa zuela esan ziola, eta ziria sartu diola sentitzen duela adierazi du elkarrizketa batean gaur. Segidan etorri dira PSOEren exekutibako hamazazpi kideen dimisioak.
Alderdia, erbidituta
Agerikoa da dimisioa eman duten kritikoen helburua: idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde primarioak deitzea saihestea, eta idazkaritza nagusia berritzea barruko organoen bidez, Sanchezek hartutako ildoa geldiarazteko, eta PPren gobernu bati jarritako ukoa kentzeko.
Dimisioa eman dutenen artean daude Micaela Navarro PSOEren Andaluziako federazioko presidentea, Ximo Puig Valentziako Generalitateko presidentea, Carme Chacon alderdiko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria, Francisco Pizarro, Tomas Gomez eta Emiliano Garcia Page. PSE-EE eta PSNko exekutibak, printzipioz, Sanchezen ildoaren aldekoak lirateke, orain artean adierazitakoen arabera.