Politika

PSOErentzat Otegi ez dela "solaskidea" esan du Blancok

Jose Blanco PSOEko Antolakutza idazkariak agertu duenez, alderdi horrentzat Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia ez da "solaskidea". Bi arrazoi eman ditu horretarako: ez duela indarkeria gaitzesten eta ez diola ETAri armak uzteko eskatzen. Finean, Otegiren espetxeratzeak balizko prozesu bati egin diezaiokeen kalteari garrantzia kendu dio Blancok, eta bake itxaropenari lehen bezala eusten diola nabarmendu du. Gauza bertsua esan du Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak: Otegi kartzelan sartzea ez dela bake prozesua abiatzeko oztopo.

2006ko martxoaren 14a
19:32
Entzun
Madrilen, Europapressek antolatzen dituen gosarietan, egin ditu aipatutako adierazpenak Blancok. Lopezek, berriz, Bilboko Herri Irratian egin dioten elkarrizketan.

Azken batean, bi buruzagi sozialistek garrantzia kendu diote Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskaren ekimenez Otegi espetxeratzeko aukerari.

Blancok nabarmendu du PSOErentzat Otegi ez dela "solaskide" bat, "ez baitu indarkeria gaitzesten, eta ez baitio ETAri armak uzteko eskatzen". Gainera, espetxeratzeko horrek balizko bake prozesu batean izan dezakeen eraginari garrantzia kendu dio PSOEko antolakuntza idazkariak, eta "bake itxaropenari lehen bezala" eusten diola adierazi du.

Bide beretik Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak ere gutxietsi egin du Otegiren balizko espetxeratzeak prozesuari egin diezaiokeen kaltea; gertatuko balitz ere ez litzatekeela bake prozesu bat abiatzeko oztopoa izango iritzi dio.

Etxean Ertzaintzaren zaintzapean

Bestalde, Arnaldo Otegik Elgoibarren (Gipuzkoa) etxean jarraitzen du, Ertzaintzaren zaintzapean. Izan ere, Batasuneko buruzagiak atzo zuen auzi-saioa Auzitegi Nazionalean, baina bronkitis bat duela-eta ezin izan zuen agerraldia egin. Grande Marlaskak auzi-mediku bati agindu dio hamabi ordutik behin azter dezala Otegi senda-agiria jaso bezain laster deklaratzera joan dadin. Halaber, Otegiren etxea hurbiletik eta etengabe zaintzeko agindu dio Ertzaintzari "ihes egin ez dezan".

Otegi ez ezik, ezker abertzaleko beste bost kide inputatu ditu Grande Marlaskak joan den osteguneko greba eta mobilizazio egunagatik: Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko kideak, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Juan Mari Olano Askatasuneko burua eta Arantza Zulueta abokatua. Egu hartako "delitu ekintzen" eragile izatea egozten die. Aste honetan dute guztiek hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.