Lanbide Heziketan dauden 21 lanbide multzoetan ziklo asko eta asko daude. Ziklo horiek goi mailakoak nahiz erdi mailakoak dira. Hala ere, eremua beti zabal daiteke, eta bide hori hartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Pablo Eskibel Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zerbitzuburuaren esanetan, «hutsuneak betez».
Erdi mailako bi ziklo abian jarriko dituzte datorren urtean, eta goi mailako beste bat jarri dute oraingoan. Arreta soziosanitarioa eta informatika sistemen ustiapena dira erdi mailako ziklo berriak, eta lanbide arriskuen prebentzioa goi mailakoa. Baina zertarako da bakoitza?
Arreta soziosanitarioa
Azken urteetan sortu diren beharrei erantzuteko sortu da ziklo hau. Ikasketa horiek egiten dituenaren egitekoa osasun fisiko, psikiko eta sozialeko premia berezia duten pertsona eta kolektiboei arlo soziosanitarioan laguntzea litzateke (adinekoei, elbarriei, gaixo kronikoei...), estrategia eta prozedura egokienak aplikatuz, eta autonomia pertsonala, giroarekiko harremanak eta lanbide ezarpena hobetzeko.
Informatika sistemen ustiapena
Informatikaren arloan ez zegoen erdi mailako titulurik orain arte. Ikasketa hauek egiten dituenak sare finko eta mugikorrak, Interneteko zerbitzuak, erabiltzaile bakarreko eta anitzeko informatika sistemak instalatzea eta mantentzea izango du egiteko, erabiltzaileei euskarria eskainiz, kalitate eta segurtasun baldintzak betez.
Lanbide arriskuen prebentzioa
Lantegietan arrisku ugari izaten da, eta norbaitek arduratu behar izaten du horiek ekiditeaz. Horretarakoxe sortu da goi mailako titulu hau, prebentzioan, babes pertsonalean eta babes kolektiboan parte hartzeko, arriskuak gutxitzeko edo eragozteko, kontrolak edo konpontzeko neurriak ezarriz edo egokituz, ezarritako arauak betez, lan arloan segurtasun eta osasuna hobetzeko.
PUBLIERREPORTAIA. Aukerak
EAEko Lanbide Heziketan hiru ziklo berri jarri dituzte abian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu