Ezbeharra

Puiun gorpu agertutako familia bereko lau kideak ostiralean hil zirela uste du Foruzaingoak

Ezbehar handia gertatu da Puiun (Nafarroa): familia bereko lau kide —senar-emazte bikote bat, eta haien alaba eta suhia— hilda aurkitu zituzten atzo, asteburu eta jaiegunetarako erabiltzen zuten etxe batean. Foruzaingoak egin dituen ikerketen arabera, su hartu zuen sofa baten kea arnastu eta pozoinduta hil dira lauak. Hilotzak atzo aurkitu zituzten arren, ostiralean hil zirela uste dute.

2006ko martxoaren 20a
15:27
Entzun
71 urteko Manuel Valdivia Reche eta 69 urteko Magdalena Reche Gila senar-emazteak, haien alaba Manuela Valdivia Reche 35 urtekoa eta haren senar Jesus Maria Perales Vargas 35 urtekoa dira zenduak. Gurasoak Iruñean bizi ziren, bikote gaztea Zizur nagusian, eta asteburuetan eta jaiegunetan joaten ziren Puiun herrigunetik kilometro eta erdira zuten etxera.

Hain justu, etxe horretan aurkitu zituen hilotz lauak atzo eguerdian beste alaba batek. Larrialdietako zerbitzuei eta Tafallako suhiltzaileek hotsegin zieten, baina lauak hilda zeudela baieztatu besterik ezin izan zuten egin.

Foruzaingoak egin dituen ikerketen arabera, etxea berotzeko erabiltzen zuten tximiniatik txinparta batek jauzi egin eta sofa batek su hartu zuen. Agi denez, ateratzen saiatu ziren, baina atea trabatu zitzaien. Suteko kea arnastuta, pozoinduta, hil ziren lauak. Gainera, atzo arte aurkitu ez zituzten arren, lau lagunak Puiura iritsi ziren egun berean, ostiralean, hil zirela uste dute foruzainek. Barruan zeuden lagunentzat ondorio izugarriak izan dituen arren, suak ez du kalte material handirik eragin etxean: kanpotik ia antzeman ere ez dira egiten utzitako arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.