Bateragune auzian zigortuak izan ziren Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez askatzearen aldeko ekitaldia egiten ari dira Logroñoko espetxearen aurrealdean (Espania). 1.200 egunetik gora daramatzate preso, eta horiek libre uztea galdegin dute herritar eta eragile ugarik.
Logroñoko kartzelaren aurrealdean egiten ari diren ekitaldira joan dira, esaterako, Jone Goirizelaia abokatua, Karmelo Landa EHUko irakaslea, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatua, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkide eta Alternatibako koordinatzailea, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Horrez gain, Logroñon dira Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea ere.
Pernando Barrena Sortuko eledunak hartu du hitza. "Otegi eta Bateraguneko besteak espetxean egoteak irudikatzen du gobernuak bakearen inguruan duen jarrera ezkorra. Bada garaia bi gobernuek bazterrean uzteko jarrera boikoteatzailea", esan du.
Ekitaldian, bost zigortuei, haien senideei eta euskal preso eta iheslariei besarkada bana bidali diete. Xabier Amuriza bertsolaria aritu da kantuan, eta gero, zigortuen izenean eskutitz bat irakurri dute. Elkartasuna eskertu dute, eta espetxeratzeen izaera antidemokratikoa salatu dute. Askatasuna aldarrikatu dute preso guztientzat. Ondoren, Eperrak kantatu du Anje Duhaldek.
CUPeko kide Quim Arrufatek hitz egin du hurrena; Bateraguneko bost zigortuak espetxean egotea "Euskal Herriko askatasunik ezaren irudia" dela adierazi du. Duhalderen Amnistiaren dema kantarekin amaitu dute ekitaldia.