Arantza Quiroga PPko Gipuzkoako zerrendaburuak gaur goizean adierazi duenez, "Euskadik beharrezko dimentsioa behar du eragin handiagoa izateko, eta hori soilik Espainiaren barruan lortuko du". Subiranotasun maila handiagoa izatea "ameskeria" dela gaineratu du: "Isolatzeak ez gaitu aberasten".
Hondarribian egin du ekitaldi politiko bat PPk gaur goizean. Quirogak bertan esan duenez, "globalizatzen ari den mundu batean, bat egitea ez da boterea galtzea, baizik eta aukerarik onena". Izan ere, gakoa "lehiakorragoak izatean" datzala uste du Quirogak.
Botoa nori eman argi ez dutenei eta hurrengo legealdiko Eusko Jaurlaritzan alderdi abertzaleren bat egotea nahi ez dutenei zuzendu zaie. "Inor, mundu zibilizatu batean, ez da bereizten", esan du, eta herritarrei eskatu die "Euskadi lehiakorrago baten alde" bozkatzeko.