Rafa Diez Usabiaga (Lasarte-Oria, 1956) espetxera bidali du Bateragune auziko Espainako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak (Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel). 10:30ean joan da hara Diez, laugarren aretoak ostiralean eman zuen epaia entzuteko —hamar urteko kartzela zigorra jaso zuen—, eta epaileek espetxera bidali dute parteak entzun ondoren. 13:55 aldera jakin da berria. Soto del Realgo (Madril) kartzelan sartu dute.
Iñigo Iruin defentsa abokatuak epaiaren aurkako helegitea sartuko du Gorenean, eta Auzitegi Nazionaleko epaileek esan dute bost urte barru Gorena erabakirik hartu gabe balego, Diez libre geratuko litzatekeela.
Erabakiaren berri izan aurretik garbi mintzatu da Diez, eta esan du behin-behinean aske utzita ere ez zuela ihes egiteko inolako asmorik: "Hemen edo dagokidan lekuan, herri honen alde, bakearen alde eta konponbide demokratikoen alde borrokatuko dut, eta ez dut Justiziari ihes egiteko edo helburu horiek uzteko asmorik", esan du epaileen aurrean.
Epaimahaiaren ustez, ordea, "leporatutako ekintzen larritasunagatik eta kartzela zigorra handia izateagatik ihes egiteko arrisku handia dago", eta espetxeratzeko agindua eman du.
2009ko urriaren 13an atzeman zuten, eta aurtengo apirilaren 26an Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, baldintzapean eta 30.000 euroko bermepean, ama zaintzeko baimen batekin. Orain epaimahaiak esan du ez dela "ezinbestekoa" Diezen laguntza, eta "beste senide edo inguruko batzuek" eman dezaketela laguntza.
Epaileen erabakiaren aurretik, Vicente Gonzalez Mota fiskalak Diez espetxean sartzeko eskatu du. Hain zuzen, behin-behineko kartzelatzea eskatu du, komunikatua eta bermerik gabekoa. Voces contra el Terrorismo herri akusazioak ere espetxean sartzeko galdegin du. Iñigo Iruin defentsa abokatuak, aldiz, ez kartzelatzeko, lehengo egoera berean uzteko.
Bateragune auzikoauzipetuak gaur eraman dituzte Auzitegi Nazionalera. Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezi jakinarazi diete epaia dagoeneko.
Otegi, Diez, Zabaleta, Rodriguez eta Sonia Jacinto espetxe zigor gogorretara zigortu zituzten ostiralean. Aurreneko biei ETAko buruzagi izatea egotzi zieten, besteei etakideak izatea. Bost haiez gain, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra ere auzipetuta zeuden, baina horiek absolbitu egin zituen epaiak.
Gaur Maiorga Ramirez EAko kideak edota Rufi Etxeberria ezker abertzalekoak lagundu dute Diez auzitegiraino.
Larunbatean Bilbon manifestazio nazionalera deitu dute hainbat alderdi, sindikatu eta eragilek epaiaren kontra protesta egiteko.