Rafa Diezen gutuna Belodromoko ekitaldirako

Dueso espetxetik helarazi du. Bateragune auziko preso bakarra da.

2016ko martxoaren 5a
08:19
Entzun

Duesotik Belodromora

Kaixo Arnaldo! Kaixo lagunok!

Iritsi da eguna Arnaldo! Hor haiz askatasuna dastatzen hirekin batera bildu den jendetzaz. Hor ez izan arren hiregan ordezkaturik sentitzen nauk, sentitzen gaituk, eta aldiz, ziur naiz une hunkigarri honetan hire bihotza eta burua hemen zaudekela, espetxe barruan utzitako lagun eta kideen egoeran.

Beraz, lehenik eta behin, lagun bezala, Ezker Abertzaleko kide bezala, jaso ezak besarkada handi bat eta animo guztiak. Besarkadak ere Juli, Hodei, Garazi eta Asensiorentzat.

Joan den astean jaso nian hire azken gutunean esaten zenidan beldur pixkat bahuela kanpoan aurkituko huenarekin. Eta egia esan, asko dira sei urte hauetan euskal gizartean emandako aldaketak.

Badakik atalaia honetatik gauza batzuk neurtzeko toki ona dela. Ez gaude egunerokoaren gainean, inmediatismoaren kurpil zoroan, eta distantzia hartuta ikuspegi orokorra izateko aukera ematen digula espetxean egoteak. Eta ziur naiz, sustatu genuen aldaketa estrategikoak zabaldutako aro berriari baikortasunez begiratzen diozula nahiz eta gauza asko ez diren bilakatu nahi genuen bezala.

Hik bezala, neuk ere uste diat potentzialitate handiko aro berrian gaudekela herri bezalako erronkekiko aurrerapausu nabarmenak emateko. Aldagai asko aztertuta (Estatuen egoera, bereziki espainiar estatuarena, Catalunyako prozesu independentista, unionismoaren ahultasuna, Nafarroako aldaketa…), Euskal Herriak subjeto politiko moduan beste bide bat hasi ahal izateko aukera dugula konbentzituta nago.

Hori bai, bi gauza ezinbestekoak dira une garrantzitsu honetan. Lehenik, sinistu behar dugu aukera hor daukagula herriaren indarra eta ilusioa bideratuz. Eta bigarrenik, termino politiko zein sozialetan pentsamendu hegemoniko bat eraikitzen eta indartzen asmatu behar dugu sektore politiko eta sozial askoren partaidetzaz.

Ez dira garaiak alderdikerien hegemoniaz etengabe borroketan aritzeko. Euskal subjeto politikoa desbertebratzen baita, dagoen potentzialitate soziala ahulduz eta herri bezalako erronkak desbirtuatuz.

Aldiz, Euskal Herria subjeto politikoz, erabakitze eskubideaz, burujabetza eta eredu sozialaren loturaz, euskal kulturaz… guzti horretaz, pentsamendu hegemonikoa ondo moldeatzen eta bideratzen badugu jauzi ikaragarri bat emateko aukera daukagu euskal estatua gauzatzera bidean.

Lula da Silvak esan zuen aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko bidean hiru ‘etapa’ bereiztu behar zirela: “lo imprescindible” lortu behar da lehen etapan, bigarren etapan “lo necesario” eta hirugarren etapan hasi behar da utopia eraikitzen. Orokorrean, ados nago filosofi eta eskala horrekin, eta Euskal Herrian arlo politiko zein sozialean ondo ezarri behar ditugu etapa bakoitzaren erronkak, institutuzioetatik eta mugimendu sozialetatik bultzatu zein sustraitzeko.

Eta hi ezagututa Arnaldo, gauza hautearako pertsona eta militante klabea haiz. Dena den, buruhauste hauek beste une baterako utzi behar dituk. Gaur, merezitako ongi etorri erraldoi honetan familia eta lagunekin ondo ospatzeko eguna baita. Hor izango dituk ere Arkaitz, Miren, Sonia eta hainbat lagun eta kide, denontzat goraintziak eta animoak egun polit honetan.

Bueno Ronaldinho! Orain opor batzuk beharko dituk indarrak hartzeko, zeren eta, berehala, erronka handiak datoz. Hori bai, hasi prestatzen zintzilik daukagun trinkete partidurako.

Bukatzeko, hor bildutako guztiei animoak bidali nahi dizkizuet presoen eskubideen alde borrokan jarraitzeko. Harria pisutsua izan arren denon artean sokari tiraka lortuko dugu preso guztiak etxeratzea. Euskal preso eta iheslariak etxera!

Rafa Diez Usabiaga, Dueso espetxetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.