Jesus Uzkudun CCOOko kideak eta Josu Onaindi sindikatu bereko idazkari nagusi ohiak "hitz egiteko gogoarekin" ikusi dute Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia, hari El Duesoko espetxean eginiko bisitan. Ordubetez egon dira bilduta, eta, Uzkudunek BERRIAri adierazi dionez, "sintonian" egin dute bilera.
Diez eta CCOOko ordezkariak bat etorri dira "ezkerreko frontea" zabaltzeko beharraren ustean, eta sindikatuen egungo "frontismoak" zentzurik ez duela nabarmendu dute.
Egoera politikoaz ere jardun dute. Hasiera batean, Diezek uste zuena baino azkarrago gertatu ziren gauzak agertoki politikoan, baina bake prozesuaren eta elkarbizitzaren alorrean egin beharreko urratsak mantsoago joaten direla azaldu die Diezek Uzkudun eta Onaindiri.
Halaber, 197/2006 doktrinaren aurka Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako ebazpena berresteko nahia azaldu du Uzkudunek, eta gaineratu du egungo legediak ematen dituen aukerekin pausoak eman daitezkeela gatazkaren konponbidearen bidean.