Candido Conde Pumpido Espainiako Fiskal nagusiak iragarri zuen atzo AG hautesle elkarteak EAEko bozetan parte har dezan sinadura eman duten 18.000 herritarrak ikertzen ari direla. Neurri hori arduragarria eta larria dela esaten bat etorri dira Euskadi Irratiko solasaldian parte hartzen duten politikari guztiak; hau da, EAJko Olano, PSE-EEko Etxezarreta, EAko Intxaurraga, Batasuneko Barrena eta EBko Mikel Arana.
Bere alderdiko hainbat buruzagik agertu duten jarreraren kontra, AGk EAEko bozetan parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatu du Etxezarretak, eta hautesle elkarte horren inguruan gertatzen ari dena "operazio politiko" gisa definitu du. "Nabarmena da operazio politiko bat dela Aukera Guztiak plataformarekin egin dena. Nire ustez aukera politiko zilegia da, eta zentzu horretan iruditzen zait ez luketela izan behar indarrean dagoen legedia eskutan hartuta ere arazorik hauteskundeetara aurkezteko", adierazi du.
Batasuneko Pernando Barrenak, berriz, hauteskunde ingurumaritik kanpo aztertu nahi izan ditu AGrekin gertatzen ari dena, eta, halaber, berriro ere Batasunari ezarritako debekua, eta Espainiako Gobernua erakusten ari den jarrerarekin kezkatuta dagoela aitortu du. "Ilegalizazioak ekarri zuen eskubide ezabatzeari beste torloju buelta bat eman diote, beste adierazpide batzuk eragozten ari baitira. Eta hauteskunde kontestutik kanpo kezkatzen nau hori ez dela doainiko erabaki bat; erabaki hori ez delako ari bakarrik ixten herritar multzo batek bozetan parte hartzeko aukera, baizik eta giro politiko honetan eta bake bidea itxaropen handiz ikusten ari ginen une honetan, badirudielako Espainiako Gobernuak hartu duela erabaki bat itxaropen horiek guztiak zapuzteko. Hori da euskal herritar arrunt gisa kezkatzen nauena", nabarmendu du.
EAko Intxaurragak eta EBko Mikel Aranak Fiskaltza Nagusiaren iragarpenak milaka herritar susmopean jartzea esan nahi duela azpimarratu dute. "Izugarrizko astakeria iruditzen zait", esan du Aranak, "milaka lagun poliziaren susmopean egotea, izugarria iruditzen zait; izugarrizko astakeria", erantsi du. Intxaurragak, berriz, "estatu poliziala" aipatu du: "Herenegun kendu zuten Madrilen Francoren zaldi gaineko estatua, baina 30 urte igaro ondoren, badirudi estatu polizial batean bizi garela, eta denak zalantzapean jarri nahi dituela estatuak edo estatuko fiskal nagusiak", adierazi du.
Gainera, jarrera horrekin PSOEk bere buruarentzako onura lortu nahi duela iradoki dute batak zein besteak. "Iruditzen zait PSOEk oraindik erabakia guztiz hartu gabe duela, eta uste dut kalkulu elektoralen arabera hartuko duela. Izan ere, AG onuragarria izan dakieke Hirukoaren gehiengoa eragozteko", esan du Aranak. Ideia bertsua plazaratu du Intxaurragak: "Zoritxarrez euskal gatazka esaten zaion hori onura alderdikoiak jasotzeko erabiltzen dute alderdi batzuek, eta horretan murgilduta ikusten dut oraindik PSOE".
EAJko Olanok, berriz, PPk abiatutako estrategia baten inertzian sumatzen ditu sozialistak. Gainera, estrategia horren xedea Euskal Herriko oinarrizko arazoei buruzko debatea eta gatazka konponbidean jartzea eragoztea dela uste du Olanok, eta une honetan ardura PSOErena dela iruditzen zaio. "Orain PSOE dago atakan, eta berak erabaki behar du arazo horiek konpontzeko bidea hartzen duen edo ez".
Politika
Ramon Etxezarreta: "Aukera Guztiak-ek ez luke arazorik izan behar hauteskundeetara aurkezteko"
AG Aukera Guztiak hautesle elkartearen aurka Espainiako Fiskaltza Nagusiak iragarri dituen neurriak aztertu dituzte Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. Markel Olano (EAJ), Ramon Etxezarreta (PSE-EE), Sabin Intxaurraga (EA), Pernando Barrena (Batasuna) eta Mikel Arana (EB), ñabardurak ñabardura, neurri horiekin kritiko agertu dira. Hain zuzen ere, Etxezarreta Donostiako Udaleko zinegotzi sozialistak esan du AG "aukera politiko zilegia" dela bere ustez, eta egun indarrean dagoen legedia eskutan hartuta ere, ez lukeela arazorik izan behar hauteskundeetara aurkezteko. Batasuneko Barrena, berriz, kezkatuta agertu da iruditzen zaiolako "bake itxaropenak zapuzteko" bidea hartu duela Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu