Politika

Ramon Jauregik ez du PSE-EE EAJra hurbiltzeko aukerarik ikusten, "Egibar zein Imaz Ibarretxe Planaren alde baitaude"

EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari edozein aukeratzen dutela ere, Ramon Jauregi PSOEko diputatuak ez du PSE-EE eta jeltzaleak hurbiltzeko aukerarik ikusten. Izan ere, EAJko lehendakaritzarako lehian dauden Joseba Egibar zein Josu Jon Imaz, biak, Ibarretxe Planaren aldekoak direla uste du, eta, ondorioz, sozialistek ez dutela haietako inorekin elkarlanerako biderik planteatzen esan du. Radio Euskadin eman ditu azalpen horiek Jauregik.

2003ko urriaren 15a
13:43
Entzun
Hala ere, EAJko lehendakaritarako Josu Jon Imaz Joseba Egibar baino nahiago duenik ez du ezkutatu Jauregik: Imazek "beste jokamolde eta jarrera" bat duela adierazi du, eta, halaber, hura hautatzeak "belaunaldi aldaketa handia" adierazko lukeela. Dena den, Imazen hautaketak PSE-EEren eta EAJren hurbilketarik ez duela ekarriko iritzi dio PSOEko ditupatuak, "Imaz ere Ibarrretxe Planaren aldekoa baita".

Hain justu, jeltzaleek "norabide politiko aldaketa handi bat" egiten ez badute, sozialistekin elkarlanean aritzeko inolako aukerarik ez dutela izango azpimarratu du Jauregik.

Ibarretxe Planaren oso kritiko agertu da buruzagi sozialista: besteak beste, egitasmo horrek "euskal gizartea irteerarik gabeko bidean" jarriko duela esan du, planak ez duela bideragarritasunik, eta Espainiako Konstituzioaren egungo markoan aurrera eraman ezina dela.

Nolanahi ere, euskal herritarrei beren estatus juridiko-politikoa "askatasunez aukeratzeko eskubidea" aitortu behar zaiela esan du PSOEko diputatuak, baina horren aurretik "askatasun eta bakemarko bat" erdietsi behar dela. Hori prozesu luze baten ondorio izango dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.