Kimikan lizentziaduna bazen ere, politikari eman zion ia bizitza osoa Ramon Labaienek. Arte eta kultura disziplina asko lantzen zituen, eta haren euskalduntasuna eta Euskal Herriarekiko maitasuna nabarmentzen dituzte gertukoek. 1980an Jaurlaritza sortu berritan Kultura sailburua izan zen, eta EITBren sortzailea.
Ramon Labaien 1928an jaio zen Tolosan. Antonio Maria Labaien idazle eta Tolosako alkate zenaren semea zen Ramon Labaien. 36ko gerra piztu zenean familia osoak Lapurdin hartu zuen babesa. 1944an itzuli zen Gipuzkoara, Donostian batxilergoa bukatzera. Kimika ikasketak egin zituen gero Madrilen. Francisco Franco hil ondorengo urteetan buru-belarri murgildu zen politikagintzan. 1978an Donostiako behin-behineko udal taldean presidenteorde izan zen, Ramon Jauregi sozialista presidente zela. Ondoren, Jesus Mari Alkainekin alkateordea izan zen. Frankismoaren ondorengo lehen Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen, Carlos Garaikoetxearen gobernuan. Euskarazko telebista eta irrati publikoak Labaienen agintaldian sortu zituzten; baita HABE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Antzerti eta Euskararen Legea ere.
Donostiako alkatea izan zen 1983tik 1987ra bitarte; EAJren zatiketak alkatetzako legealdiaren erdi-erdian harrapatu zuen: 1987an ere Donostiako EAJren alkategaia izan zen, baina bi zinegotzi baizik ez zituen atera haren zerrendak. Enpresa pribatura itzuli zen urte berean, arma fabrika batera. Gai militarretan aholkulari izan da geroztik, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.
EAJren zatiketa akatsa zela esaten zuen: “Krimen bat da boto abertzaleak sakabanatzea”. Eta sakabanaketa hori, gaur egun ere kalterako dela uste zuen: “Ez dugu ikasten, ezker abertzalea eta Aralar, EA eta hamaikabat”, esan zuen 2010ean BERRIAn.
Azken aldian Independentistak taldean zebilen. Taldearen sortzaileetako bat izan zen. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimenetan eta parte hartu zuen, esate baterako: gaixo dauden presoen aldeko aulkien martxan parte hartu zuen 2012ko udan eta iazko urtarrilean Bilbon egindako manifestazioaren babesleetako bat izan zen. Bateragune auzian zigortutakoak aske uzteko eskatuz egindako hainbat ekimenetan parte hartu zuen, Logroñoko espetxe atarira joateraino. Egunkaria auziaren kontra ere aritu zen sutsu lanean, besteak beste.
Gorpua Zorroaga beilategian izango da gaurtik astelehenera, eta hasi dira pasatzen hainbat kultur eta politika eragile. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria doluminak ematera joan da, eta azpimarratu du Euskal Herriaren batasunaren alde aritu zela. Udalbiltza auzian auzipetuei emandako babesa ere gogoratu eta eskertu du.