Hezkuntzako inbertsioaren eta azken urteetako murrizketen balantzea egin du ELA sindikatuak. Europako Batasuneko egoerarekin alderatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarduna. Europan, batez beste, BPG barne produktu gordinaren %5 bideratzen dute hezkuntzara —azken datua 2013koa da—. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, BPGaren %3,7 jarri zuten hezkuntzarako 2013an, eta Nafarroan, %3,1. Errumaniak inbertitzen du proportzio txikiagoa; gainerako herrialdeak gainetik daude.
Dirutara eramanda, Europako batez bestekora iristeko 842 milioi euro gehiago jarri beharko lituzke Jaurlaritzak hezkuntzan, eta Nafarroako Gobernuak, 343 milioi. Azken urteetan, ordea, jaitsi egin da inbertsioa. Jaurlaritzak, adibidez, BPGaren %4,3 jarri zuen hezkuntzarako 2009an, eta aurten, %3,6.
.@ELAsindikatua@Gob_eus#HezkuntzaMurrizketak EAE eta Nafarroa Europako azken muturrean Hezkuntza inbertsioan pic.twitter.com/LzsCPyZvBE
— Xabi Irastorza (@xabirastorza) 2016(e)ko maiatzak 17
Murrizketen eragina ere aztertu du ELAk, bereziki Eusko Jaurlaritzarena. Azaldu du murrizketak egin dituzten ikasturteetan handitu egin dela ikasleen kopurua —aurtengo ikasturtean 40.000 ikasle gehiago daude 2008-2009koan baino—, baina, hala ere, irakasleen kopurua ez dela proportzio berean handitu. Ikasle gehiago dago gela bakoitzean: hezkuntza publikoan batez beste 19,6 ikasle daude talde bakoitzean —17,4 ziren 2008-2009an—, eta itunpekoan, 22,8 —20,7 ziren—.
Irakasle gutxiago egotea dakar horrek. ELAren kalkuluen arabera, ikasleen igoera horrekin orain daudenak baino 3.600 irakasle postu gehiago beharko lirateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2.188 postu hezkuntza publikoan, eta 1.439 itunpekoan.
Joera hori alboratzeko eskatu dio sindikatuak Gasteizko gobernuari. “Gure herriak bere garapen mailaren baitako hezkuntza inbertsio publikoa behar du. Hezkuntzak oro har eta hezkuntza publikoak modu berezian inbertsio eta baliabide gehiago behar ditu benetako berdintasuna, heziketa integrala eta ikasleen garapen pertsonal eta soziala modu egokian bermatu ahal izateko”.