«Mariano Raxoik erantzukizun eta errespetu handiz jokatu du beti Euskadirekin, katramilarik gabe, zentzuz, eta egoerak eskatzen zuen mailan». Espainiako Gorteetarako PPko hautagaiarentzat esker oneko hitzak izan zituen atzo Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, Gasteizen. Raxoi bera aurrean zuela goraipatu zuen haren burua. Eta ziur agertu zen bakea lortzeko presidente egokiena izango dela PPkoa. «Euskaldunontzat berme hoberena da Raxoi. Zilegi ez dena ez duela egingo ziurtatzeko, eta askatasuna duen bakea lortzeko bermerik hoberena da».
Gasteizen izan zen atzo PPko hautagaia. Bezperan Amaiurrek eguneko ekitaldi nagusia egin zuen kiroldegi berberan eskaini zuen PPk berea, eguerdian. Espainiako Gobernuko presidente berria balitz bezala hartu zuten PPko ehunka militantek euren hautagaia, «presidente, presidente» oihuen artean. Europako jauregian antolatutako hitzaldi-bazkarian bildutakoek harrera beroa egin zioten Raxoiri, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko zerrendaburuak eta EAEko PPko buruzagi nagusiek ere babesa agertu zioten.
Basagoitik bi arrazoi nagusi eman zituen azaroaren 20an Raxoiri botoa emateko. Batetik, adierazi zuen bakea eta askatasuna bermatuko duen presidente bakarra izango dela. Indarkeriaren amaieran «bidezidorrik» ez duela erabiliko ohartarazi zuen.
Basagoitik gogoan hartu zituen biktimak, eta «askatasunaren alde» erakutsitako konpromisoa eskertu zien. Bi biktima aipatu zituen bereziki: Antonio Salva, ETAk hildako Diego Salva guardia zibilaren aita; eta Laura Martin, Jose Carlos Garcia Goena GALen azken biktimaren alarguna. Biak ala biak Espainiako Kongresurako PPko Gipuzkoako zerrendetan doaz azken postuetan, eta atzoko ekitaldian parte hartu zuten. «Zuei esker ez dugu memoria galduko», adierazi zien.
Raxoiren aldeko botoa emateko bigarren arrazoi bat ere eman zuen Basagoitik: Espainiako presidente bada ekonomia suspertzeko eta langabezia amaitzeko gai izango dela esan zuen. «Euskal herritarrentzat ere garrantzitsua da Moncloan presidente on bat izatea», esan zuen.
Egungo krisialdi ekonomikotik ateratzeko aukera bakarra da Raxoi, eta haren kudeaketak ondorio positiboak izango ditu euskal ekonomian ere, Basagoitiren arabera. «Raxoi efektuak» euskal ekonomian izango dituen «onurak» handiak izango direla sinesteko eskatu zien EAEko PPko presidenteak herritarrei. Areago esan zien: Raxoi Espainiako presidentea bada, «Euskadi erreferente» bilakatuko da arlo ekonomikoan.
Basagoitiren ostean mintzatu zen Raxoi. EAEko PPrentzat esker oneko hitzak izan zituen aurrena: alderdikideak «zentzudun» direla, «ideiak argi» dituztela, «erantzukizunez» jokatzen dutela eta pertsona «fidagarriak»direla esan zien.
Halaber, Arabako Diputazioaren kudeaketa PPren esku dagoenetik «neurritasunaren eredua» dela azpimarratu zuen, eta hori dela gainerako erakundeek jarraitu beharreko bidea. Hala, Moncloara iristen bada «zuhurtziaz» baina «ausardiaz» jokatuko duela hitzeman zuen.
«Aldaketa politikoari» babes handia emateko eskatu zien Raxoik herritarrei; haren esanetan, PPren gehiengo zabal bat «Europak oso ongi hartuko lukeelako». Euroari ere «lasaitasuna» emango lioke PP Espainiako Gobernuan egoteak, haren iritziz.
Halaber, hitzeman zuen Espainiako Gobernura iristen bada lan egingo duela «indar demokratikoen batasunaren» alde, eta «legea eta zuzenbide estatua» baino ez dituela erabiliko. Biktimak izango dira Raxoiren politikaren erreferentzia nagusia, «haiek sufritu dutelako gehien eta gizarteak zor handia duelako haiekin». «Beti izango ditugu kontuan», gaineratu zuen.
Arabatik Espainiara
Javier Maroto Gasteizko alkateak eta Alfonso Alonso Kongresurako PPko Arabako zerrendaburuak «aldaketaren» beharra nabarmendu zuten euren hitzaldietan. Joan den udal eta foru hauteskundeetan Arabara iritsi zen «aldaketak» segida izango du azaroaren 20an Espainian osoan, Marotoren arabera. Maiatzaz geroztik PPk Gasteizko Udalean eta Arabako Diputazioan agintzen duen bezala, Espainian ere PPren gobernua egongo dela ziurtzat jo zuen.
Alfonso Alonso Arabako zerrendaburuak esan zuen bihar zortziko hitzordua «bidegurutze garrantzitsua» dela, jokoan baitago «etsi egitea eta orain arte bezala jarraitzea», edo «aldaketa» bultzatzea. Haren ustez, Espainiak eta Euskadik «gobernu sendoa» behar dute, «lidergoa» eta erabakiak hartzeko «ausardia» izango duena.
Alonsoren irudiko, PSOEren gobernuak «hondamendira» eraman du Espainia, eta ezinbestekoa da herritarrak krisialditik aterako dituen gobernua izatea. Horretarako, Alonsok mobilizatzera deitu zituen PPko militanteak: «Langabezia eta gezur gehiago nahi ez dituztenen botoa behar dugu». Araban ere krisialditik ateratzeko «aukera baliagarri» bakarra PP dela erantsi zuen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
«Raxoi da bakerako bermerik onena»
PPko hautagaia Gasteizen egon da, eta «aldaketa politikoari» babes zabala emateko eskatu die herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu