Politika/Prozesua

Raxoik eskatutako baldintzak dagoeneko betetzen dituela dio Espainiako Gobernuak

Besteak beste, Batasunak hauteskundeetan ez parte hartzea, eta Fiskaltzak legea betetzea galdegin dio PPko presidenteak Zapatero gobernuburuari. Ordu eta erdiko bilera egin dute biek, giro hotzean. Euskal Herriko konponbide prozesua izan da bileraren ardatza.

2006ko abenduaren 22a
17:29
Entzun
Goizeko hamarretan hasi eta ordu eta erdiz egon dira bilduta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua eta Mariano Raxoi PPko presidentea, Madrilgo Moncloa jauregian, Espainiako presidentziaren egoitzan.

Hotz hasi da bilera, eta hotz amaitu da, ageriko hurbilpenik gabe. Hala, protokoloa hautsiz, Raxoik ez du bileraren inguruko adierazpenik Moncloan bertan egin nahi izan, eta PPren egoitza nagusian, Genova kalean, egin du kazetarien agerraldia ordubatak eta laurdenetan.

Iragarri bezala, PPren elkarlana eskuratzearen truke hainbat baldintza ezarri dizkio Raxoik Zapaterori; prozesuari dagokionez zenbait neurri hartzeko galdegin dio: hala nola, ETAk desagertzeko borondatea agertu arte Batasunak hauteskundeetan ez parte hartzea, "erakunde terrorista" batek parte hartuko duen alderdien mahairik ez osatzea, eta Estatuko Fiskaltzak legea "erabateko zorroztasunez" betetzea exijitu dio.

Raxoik esan du Zapaterok ez diola eman baldintza horiek beteko diren ziurtasunik; bereziki -eta hori jo du larrientzat- Batasunak bozetan parte hartuko ez duen segurtamenik. ETArekin bilerarik egin duten Zapaterok ez diola argitu ere adierazi du.

Zapatero gobernuburuak, berriz, ez du bileraren inguruko adierazpenik egin. Bere ordez Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak eman ditu azalpenak. De la Vegaren arabera, Raxoik ezarritako baldintzak "premiagabekoak eta fiktizioak" dira, hain zuzen ere, Gobernuak dagoeneko horiek guztiak betetzen dituelako.

Ildo horretatik, Batasunak legeztatzeko urratsik egiten ez badu ez dela hauteskundeetan izango nabarmendu du Espainiako presidenteordeak, "legeak hala agintzen baitu". Era berean, Fiskaltzak legea goitik behera betetzen duela ziurtatu du. Nafarroaren gainean ez negoziatzea ere eskatu izan du PPk, eta hori ere betetzeb dela eta beteko dela esan du De la Vegak: "Ez dauka hori zertan eskatu, ez baita gertatuko", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.