«ETAren amaierarekin zerikusia duen guztian» parte hartu nahi du Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuak, eta halaxe eskatu dio Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari, Madrilen, Moncloan egin duten bileran. Raxoik baietz erantzun dio, Nafarroak «ahotsa» izango duela gaiarekin zerikusia duen guztian.
Barcinak bileraren ostean emandako prentsaurrekoan esan zuen Nafarroa «ETAren terrorismoa gehien sufritu duen erkidegoetako bat» izan dela. «ETAren lehentasunezko helburua izan da», esan zuen. Gainera, «aurrena lurraldetasuna» eskatzeko, eta gero «Euskal Herriarekin batera independentzia» galdegiteko ere Nafarroa erabili izan du erakunde armatuak, Barcinak gogora ekarri duenez. Horregatik, Nafarroak gertatzen denaren inguruan jakinaren gainean egon behar duela uste du.
«Terrorismoaren kontrako politika» aurrera eraman behar duena Espainiako Gobernua dela azpimarratu du Barcinak: «Ez dugu jarraitu beharreko politika markatu nahi, baina ETAren amaiera izatea espero dugunean hitza eduki nahi dugu». Halaxe gertatuko dela hitz eman dio Raxoik. Prozesu horretan legea betetzea ezinbesteko jo du Nafarroako gobernuburuak, eta hala gertatu dadin «harreman zuzena» izango dutela jakinarazi du.
«Terrorismoaren biktimak onartzea» ere ezinbestekotzat jo du Barcinak, «memoria, duintasuna eta justizia» egin behar direla nabarmendu du, bere ustez, haiek baitira «demokraziaren benetako heroiak».
ETAk urrats gehiago egin behar dituelakoan dago Nafarroako Gobernuko presidentea: «Kaputxak kendu behar dituzte, eta armak utzi». ETAk armak uztea erabaki bazuen, hori Espainiako poliziek «lortu» dutela ados daude Raxoi eta Barcina, azken horrek prentsaurrekoan azaldu zuenez.
Barcinak eta Raxoik ordu eta erdi inguruko bilera egin zuten atzo Moncloan. Azken hilabete eta erdian Raxoik Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia eta Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidentea hartu ditu.
Fernandez Diaz Aresekin
Euskal Herriko ordezkariek atzo Madrilen izandako bilera bakarra ez zen izan Barcina eta Raxoiren artekoa. Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandez Diaz Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresekin bildu zen, atzo bertan. Bileraren berririk ez zuten eman egin aurretik, eta ondoren zabaldu zuen prentsa oharra Herrizaingo Sailak. Ohar horren arabera, eguerdian izan zuten bilera, eta «terrorismoaren amaierak atzera bueltarik izan ez dezan, eta bakea, askatasuna eta elkarbizitza egonkortzeko» bi gobernuek aurrera daramatzaten politikei buruz hitz egin zuten.
«Terrorismoaren kontrako borrokan» bi gobernuak bat datozela jakinarazi du Herrizaingo Sailak. «Ekintza terroristak amaitzea lortu denean, oinarrizko helburua da ETAk erabakitzea behin betiko desegitea». Pausu hori ordainetan ezer lortzeko asmorik gabe eman beharko du erakunde armatuak, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren iritzian.
Era berean «memoria» bultzatu behar dela uste dute bi agintariek, «terrorismoak eragin duen mina eta drama inoiz errepikatu ez dadin». Zentzu horretan, Jaurlaritza antolatzen ari den Memoria eta Bizikidetzarako kongresuko itxieraekitaldira gonbidatu du Aresek Fernandez Diaz, Patxi Lopez lehendakariaren izenean, eta hark,baietz erantzun dio, parte hartuko duela.
Ezker abertzalearekin jarrera gogorra izaten jarraitzea ere adostu dute bi agintariek, «adierazpen antzuen atzean ezkutatzen jarraitu ez dezaten».Ezker abertzalearen Kursaaleko adierazpenari erreferentziarik egin gabe, oharrean ezker abertzaleari egozten dio «urteetan babesa ematea hiltzaileei eta haien konplizeei».
Raxoik hitzeman du Nafarroak ahotsa izango duela ETAren amaian
Yolanda Barcinak eta Mariano Raxoik bilera egin dute Madrilen, eta Rodolfo Aresek eta Jorge Fernandez Diazek ere baiLegea betetzea ziurtatzeko, Nafarroako Gobernuak «harreman zuzena» izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu