Politika

Rekondo Hernaniko alkate ohi eta Hamaikabat-eko batzarkidea auzitegian

Udaleko isilpeko informazioa Interneten bidez zabaltzea egotzita deklaratuko du gaur Donostiako Epaitegian, inputatu gisa.

2010eko otsailaren 15a
17:42
Entzun
Zelatan dagoenak bere kontra aditu, dio esaera zaharrak. Halako zer edo zer gertatu zaio Joxan Rekondori, Hernaniko alkate ohi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Hamaikabat alderdiaren eledunari. Udaleko «isilpeko informazioa» Internet bidez filtratzea egotzita inputatu gisa deklaratuko du gaur Donostiako Epaitegian.

Udalak uste du Txantxilla auzoan eraiki dituzten etxebizitza kontzertatuen jabeak izango direnen izen zerrenda zabaldu duela hark. Marian Beitialarrangoitia alkateak jarritako salaketaren arabera, Udalak behin betiko zerrenda onartu aurretik izen horien berri eman zuten ezezagun batzuek, izengoitiak erabilita, Udalaren webguneko foroan. Hernaniko Udaleko prokuradoreak informazio hori zabaldu zuten ordenagailuen jatorria ikertzeko eskaera egin zion epaitegiari. Ikerketatik ondorioztatu dute bi ordenagailutatik eman dela informazio hori; ordenagailu horien jabeetako bat da Rekondo.

Udalak frogatutzat eman du informazio hori zabaldu zuten lagunen eskuetan zela izen zerrenda; halaber, posta helbide bat jarri zuten foroan, informazioa eskuratu nahi zutenek zerrenda jaso zezaten.

Inputatutako bi lagunek zerrenda nola eskuratu zuten jakiteko, informazio hori udaletxean eskatu zuten langileen izenak eskatu zituen prokuradoreak. Salaketan jasotzen denez, soilik Haimakabateko zinegotzi Iñaki Arratibelek egin zuen eskaera, hirigintza legelariaren babesa jaso ostean.

Udalaren ustez, litekeena da Rekondok eta harekin batera inputatuta dagoen beste hernaniarrak Zigor Kodeko 197. artikulua urratu izana. Sekretuak ezagutarazi eta agertarazteagatik urtebete eta bost urte arteko espetxe zigorra eta urtebete eta 24 urte arteko inhabilitazioak jasotzen ditu artikulu horrek.

Etxea lortzeko baldintzak

Itzal luzea du Txantxillako etxebizitzen aferak. Rekondo alkate zela -orduan EAn zegoen- Udalak eta promotoreak hitzarmen bat sinatu zuten Txantxillako lur eremuan babes ofizialeko etxeekin eta salmenta libreko etxeekin batera etxebizitza kontzertatuak eraikitzeko. Etxebizitza horiek libreki banatzeko aukera eman zitzaien promotoreei, Udalak jarritako baldintzak betez gero. Baldintza horiek zeintzuk ziren ez zuten zehaztu.

Ezker abertzalea gobernura iritsi zenean, Udalak hainbat aldaketa adostu zituen promotoreekin: kontzertatutako etxea eskuratuko zutenak hernaniarrak izan behar zutela, ezin zutela jabegoan etxerik izan eta etxebizitza salduz gero prezioa mugatua izateko epeak hogei urtekoa izan behar zuela. Etxea eskuratu ahal izateko diru sarrera mugarik -gutxiengo eta gehiengo diru sarrerarik-, baina, ez zuten hitzartu, egungo alkateak azaldu izan duenez, puntu horretan adostasunik lortu ez zutelako.

Oposiziotik salatu dutenez, erabaki horrekin promotoreen eskuetan geratu da etxebizitzen banaketa -Udalak, halere, promotoreek aukeratutako lagunen zerrendari oniritzia eman behar dio, adostutako baldintzak bete diren edo ez aztertu ondoren-. Hernaniko Udalaren webguneko foroan zabaldu dutenez, «filtratutako» izen zerrendan egungo udalarekin «harremana» edo «gertutasun ideologikoa» duten hainbat herritar daude, baita Udalak adostutako baldintzak betetzen ez dituztenak ere.

Guztira 178 etxebizitza eraiki dituzte Txantxillako auzo berrian. Horietatik 33 Udalak eta promotoreek hitzartutako prezioan, 56 babes ofizialekoak eta 86 prezio librean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.