Zenbait biktimak "bizikidetzaren alde egindako ekarpena" aitortu nahi du aurten Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin sariarekin. Adi-Adian programarekin eskoletan beren esperientziaren berri eman duten eta Glencreen hizketan aritu ziren 41 biktima saritu dituzte; ETAren, GALen eta Espainiako Poliziaren biktimak daude tartean. Gaur izan da ekitaldia, Giza Eskubideen Egunean.
Sari banaketaren ostean, biktimen "borroka anonimo eta etengabekoa" txalotu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta nabarmendu Adi-Adian programan eta Glencreen hizketan parte hartu dutenek erakutsi dutela posible dela esperientzia traumatiko bat elkarbizitzarako bide bilakatzea. "Biktimek erakutsi digute posible dela sektarismo politikotik kanpo atera, eta elkarlana eta elkarbizitza bultzatzea". "Enpatiari emandako saria da hau, hura delako giza eskubideen arima", esan du Urkulluk.