Maiatz hasierakoak dira lehenengo kexuak. Euskaraz ari zirenei jazarri egiten zietela salatu zuten BERRIAn herritar batzuek; Ordiziako geltokian (Gipuzkoa) gertatu zen, eta ertzainei deitu zieten zaindariek, erabiltzaileak euskaraz ari zirelako. Ertzainek ere erdaraz egin zieten herritarrei, eta hala egiteko eskatu, "errespetuagatik".
Segurtasun zaindari horiek gorabehera gehiago ere izan dituzte trenean. Beste kasu batzuk salatu dituzte herritarrek, guztiak ere euskaldunen aurkakoak. Kasu batean, trenean zihoan bidaiari bati gaztelaniaz egiteko agindu zioten, hura alboan zuen bidaiariarekin euskaraz ari zelarik. Horren aurrean, "Euskal Herrian euskaraz!" oihu egin zuen herritar batek, eta atxiki egin zuten zaindariak, eta Ertzaintzari hots egin zioten.
Etorkinen aurka ere aritu dira zaindariak, trenean zihoazenak jazarriz.
Renfek kexu ugari jaso du, eta segurtasun enpresari neurriak hartzeko eskatu zion. Renfeko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, larunbatetik aurrera ez dira zerbitzuan arituko zaindari horiek.